Eduki publikatzailea

Atzealdea

Zaporeak Proiektuak irekiko du aurtengo txotx denboraldia

Elkartasuna eta gastronomia uztartzen dituen proiektua da Zaporeak. Hernanik bezala, Etiopiako Wukro herriarekin lotura estua dute Zaporeak proiektuko kideek. Aurten haiek zabalduko dute Txotx denboraldia Hernanin.

2018·01·10


Hernaniko Txotx Mahaiak proposatuta, Zaporeak Proiektuak irekiko du 2018ko txotx denboraldia Hernanin. Zaporeak Proiektuak Wukron egin zituen lehen urratsak eta, Hernanik bezala, aspaldiko harremana du Etiopiako herri horrekin.

Izan ere, Zaporeak Proiektuak 2011n eman zituen lehen pausoak: Etiopia-Utopia Fundazioarekin batera, Wukro (Etiopia) herrian elikadura eta sukaldaritzarekin lotutako ekimen batekin.

Haren ondoren, bakarkako bidea hasi zuen Zaporeak Proiektuak. Wukron Gastronomia eta Sukaldaritza Eskola bat irekitzeko lanean ari da eta, bestalde, Greziako Chios irlan egoera larrian gelditu ziren errefuxiatuei eta horiek laguntzera joandako boluntario eta profesionalei elikadura bermatzen aritu dira hainbatetan.Finean, beharrean dauden herriekiko eta kolektiboekiko elkartasuna eta gastronomia uztartzea da Zaporeak Proiektuaren xedea.

Hernani herriak ere Wukro herriarekin lotura berezia du aspalditik. Bi herriak senidetuta daude eta Lankidetzarako diru-laguntzen bidez, Hernaniko Udalak sustatzen ditu herri horren garapenerako zenbait proiektu.

Denboraldiko egitaraua:

2018-01-13: Txotx denboraldiaren inaugurazioa. Gudarien plazan.

11:45-12:30: Trikitilariak. Herriko kaleetan.

11:30-13:00: Kirikoketa. Baztanen sagardoa egiteko modua azaltzen duen ikuskizuna: dolarea, prentsa, dantza…

12:00: Kalez kale kantari. Plaza Berrian abiatu eta kalejiran Gudarien plazaraino

13:00: Txalapartariak.

13:00: Txotx irekiera ekitaldia. Omenduak: ZAPOREAK Proiektuko lan taldea.

14:30: Bazkaria. Goiko Lastola sagardotegian.

2018-02-24: XII. Sagar Lasterra. Herri krosa.

Oharra: VIII. Sagar Martxa: egun erdiko txangoa.

Azken urteetan apirilean egin izan da baina, sagardotegietatik igarotzen den ibilaldia izanik, aurten urria aldera egitea aurreikusi da, orduan ari dira sagardoa egiten, sagar usaina sagardotegi inguruetan…

Otsaileko, martxoko eta apirileko asteburuetan:

- Turismo informazio puntua irekita.
Larunbatetan eta Ostiral Santu egunean  
10:15-14:15 /16:30-19:30  
Igandetan 11:00-15:00

- Bisita gidatuak hirigune historikoan.

- Ibilbideak Tren Berdean.

- Pakete turistikoak:

1) Bisita gidatua hirigune historikoan+ erremontista egun batez+ erremonte pilota partidak. (Galarreta frontoian).
2) Bisita gidatua hirigune historikoan + erremonte pilota partidak.