Berriak
Atzealdea

Hernanik bat egin du Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin

Osasun Saila, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoa eta Hernaniko Udala elkarrekin arituko dira medikamentuen erabilera eta tratamenduekiko atxikipena hobetzeko Etxeko Laguntzaren Udal Zerbitzuko erabiltzaileen artean. Hernani kontuan hartuta, Gipuzkoan dagoeneko 35 udalerrik egin dute bat programarekin, eta Lurralde osoan kreditatutako farmaziak 261 dira (guztien %91).

2018·03·06


Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazak, Hernaniko Zerbitzu Sozialetako presidente Xabier Lertxundik eta Gipuzkoako farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Angel Garayk hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Hernaniko udaletxean. Horren arabera, Gipuzkoako udalerriak bat egiten du Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin.

Programaren helburua da medikamentuak eskuratzeko modua erraztea eta tratamendua zuzen betetzea, baita etxeko laguntzailearen edo zaintzailearen lanean laguntzea ere, botikak erosi, kontserbatu eta administratzeari dagokionez.

Horretarako, dosifikatzeko sistema pertsonalizatuak erabiltzen dira, non pazienteak eguneko une bakoitzean hartu behar dituzten konprimituak jartzen diren, dosia zuzen emateko beharrezko informazioarekin batera. Udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritzak aukeratzen ditu parte hartuko duten erabiltzaileak, eta haiek, Programan sartu aurretik, oniritzia eman behar dute.

Ondoren, erabiltzaileak farmazia aukeratzen du, eta elkarrizketa bat egiten zaio, fitxa bat betetzeko, hartzen duen medikazioari eta dituen osasun arazoei buruzko informazio guztiarekin. Hamabostean behin edo astean behin, farmazialariak medikazioa entregatzen du, dosiak pertsonalizatuta.