Berriak
Atzealdea

“Herriko saltokiek nortasuna eta bizitza ematen diote herriari eta herriaren garapena jasangarria izaten laguntzen dute”

Berriak Hernaniko Ostalarien eta Merkatarien Elkarteak 25. urte beteko du aurten. Urtemuga esanguratsu hori dela eta, Udalak berretsi ditu herriko merkataritza sustatzeko duen konpromisoa eta elkarlana indartzeko asmoa. Berriak elkarteak aurtengo prestatu duen egitarauaren berri eman du eta Hernani txartelak herriko merkatarientzat duen garrantzia gogorarazi du

2018·03·09


Hernaniko Udalak eta Berriak Ostalarien eta Merkatarien Elkarteak herriko saltokiak sustatzeko lankidetzaren emaitzaren berri eman dute gaur. Berriak elkarteak 25. urteurrena ospatuko du aurten; hori dela eta, ohiko egitarauaz gain, ekintza bereziak prestatzen ari da ekainaren amaierarako.

Mertxe Jimenez eta Marta Zulaika merkatarien ordezkariak izan dira gaurko prentsaurrekoan, Luis Intxauspe Hernaniko alkatearekin batera.

“Herriari bizia ematen diote saltokiek, herriaren nortasunaren adierazleak dira, gertuko tratua eta konfiantza ematen diotelako bezeroari. Gainera, herrian erosteak lanpostuak sortzen ditu eta horrek tokiko garapen jasangarria izaten laguntzen du”, esan du Luis Intxauspek.

Hernaniko alkateak gogorarazi duenez, Udalaren eta merkatarien elkartearen arteko elkarlana aspaldikoa da, baita oparoa ere. “Berriak-ek ekitaldi ugari antolatzen ditu eta horrek herriari bizia ematen dio”, gogorarazi du. “Neguko oporretako haur parkea eta kabalgata, ihauterietako balkoi lehiaketa, Bakailao Astea… horietako batzuk dira. Berriak-ek antolatzen dituen ekintza horietaz, gainera, onuratzen dira merkatari guztiak eta herritarrak”. Horregatik, hain zuzen, Hernaniko alkateak Berriak-eko kideak ez diren merkatariak animatu ditu elkartean sartzen.

Ildo horretan, Mertxe Jimenezek ere gogorarazi du zenbat eta merkatari gehiago elkartu indar handiagoa izango dutela. Berriak-eko ordezkariak aurreratu du, 25. urteurrena dela eta, San “merkatarien jai handi bat”  ari direla prestatzen Joan jaietarako.

Horren aurretik, apirilaren 16tik 25era, elikadura denden zozketa egingo dute; aste horretan boleto batzuk banatuko dituzte erosleen artean eta zozketa irabazten dutenek erosketa bale batzuk eskuratuko dituzte bertako elikadura dendetan gastatzeko. Uztailean, iaz bezala, “Kaxuelitak Hernanin” ekimena errepikatuko dute.  

Hernani txartela, abantaila handiekin

Udalaren eta Berriak elkartearen arteko elkarlanaren emaitzetako bat izan da Hernani txartela. 2013. urtean sortutako txartel hori berpizteko asmoa du Berriak-ek. Mertxe Jimenezek nabarmendu duenez, “merkataritza gune handietan kanpainak egiten ari dira haien txartelarekin deskontuak egiten dituztela esanez. Gogorarazi nahi dut Hernani txartela duten bezeroei %3ko deskontu zuzena egiten zaiela Berriakeko saltoki guztietan. Guk ez ditugu kate handi horien baliabide berak publizitatea egiteko, baina gure txartelak abantaila handiak ditu, deskontu horiek eta beste promozioak egiten ditugu eta”.

Gainera, Hernani txartelak kiroldegian sartzeko balio du, udal liburutegian liburuak maileguan hartzeko eta, ohiko kreditu txartelak bezala, edonon ordaintzeko. Mertxe Jimenezek adierazi duenez, “garrantzitsua da hernaniarrok jakitea, txartel hori herritik kanpoko erosketetan erabilita, herriko merkatariak laguntzen ari zarela”. Hernani txartela, gainera, doakoa da.

Merkatarien 2018rako egitaraua