Berriak
Atzealdea

Kale garbiketa publifikatzeko urrats garrantzitsua egin du Udalak

Udal Gobernuak aurkeztuta, hilaren 7ko udalbatzarrean onartu zen kale garbiketaren zerbitzua publifikatzeko prozedura hastea. EH Bilduren zinegotziekin batera, Orain Hernanikoek ere alde bozkatu zuten; EAJk eta PSEk, ostera, zerbitzua publifikatzearen kontra bozkatu zuten. Erabaki horrekin, kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko beste urrats bat egin du Udalak, urte hasieran poligonoen hondakinen kudeaketa bereganatu ondoren.

2018·03·12


Hernaniko Udalak kale garbiketaren kudeaketa bereganatuko du datorren maiatzean. Azken urteotan, zerbitzua kanpoko enpresa baten kontratazioaren bidez eskaini izan du Udalak. Lehiaketa bidez egiten da kontratazio hori eta 2010etik hona FCC enpresari esleitu zaio zerbitzua.

2011n, Udal Gobernu honek konpromisoa hartu zuen kale garbiketa, oinarrizko zerbitzua eta udal konpetentziako zerbitzua den heinean, publifikatzea aztertzeko, langile eta baliabide publikoekin emateko, alegia.

Prozedura, ostera, konplexua da eta lehen pauso garrantzitsua eman berri du aste honetan. Hilaren 7an egindako ezohiko udalbatzarrak gehiengo osoz onartu zuen Udalak zerbitzu hori bereganatzea; EH Bilduren eta Orain Hernaniren aldeko botoekin (11 boto). EAJk eta PSEk zerbitzua publifikatzearen kontra bozkatu dute (6 boto).

Garbitania Sozietate Publikoak kudeatuko du kale garbiketa maiatzetik aurrera. Datozen hilabetotan, beraz, egun Hernaniko kaleak, plazak eta parkeak garbitzen ari diren langileak -egun FCCko langileak- Garbitaniako langile bihurtzeko prozedurak egingo dira. Modu berean, zerbitzua baliabide materialez hornitzeko lanak ere egingo dira.

Kale garbiketa da Hernaniko Udalak egiten duen kontrataziorik garrantzitsuena, diru kopuruari dagokionez. Urtero, 1.152.000 euroko kostua izaten du zerbitzu horrek.

Publifikazioaren onurak mota desberdinekoak izango dira: zerbitzuaren eskumena bere gain hartuta, kudeaketa hobeto kontrolatzeko tresnak izango ditu Udalak. Oinarrizko zerbitzu publiko hau ez da merkatuaren menpe egongo eta gardentasuna hobeto bermatu ahalko du Udalak. Era berean, behin publifikatuta, %10eko aurrezpena ekarriko dio Udalari.

Kale garbiketaren zerbitzua bereganatuta, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko konpromisoan beste urrats bat egin du Udalak, urte hasieran industrialdeetako hondakinen kudeaketa bereganatu ondoren.