Web edukia bistaratu

Hondakinen kudeaketa arduratsua

Sortutako hondakinen %80a birziklatzen dugu

%25 konpostatzen dugu

53 hondakin kilogramo biztanleko

Herritarren parte hartzeari eta esfortzuari esker, zuei esker, hondakin gutxien sortzen duten herrien artean dago Hernani eta, Euskal Herrian ez ezik, Europan ere eredugarriak gara.

Munduko hainbat kongresu eta mintegietan eman dugu gure sistemaren berri. Bartzelona, Galizia, Madril, Brusela (Belgika), Capannori (Italia), Santiago eta Temuco (Txile). Halaber, Europako beste hirietako ordezkariak ere etorri dira gure sistema gertutik ezagutzera, hala nola, San Frantzisko (AEB), Paris eta Brive-la-Gaillarde (Frantzia), Bristol (Britainia Handia), Madril eta Kanariar irlak (Espainia). Sydneyko (Australia) agintariek ere gure sistemaren inguruko informazioa eskatu digute.


Hondakinen gaiak askori balio dio kontsumitzeko moduaz jabetzeko, eta ohitura aldaketak ari dira ikusten:

  • Enbalajeak urritzea,
  • Behar baino gehiago ez erostea,
  • Kontsumo taldeen sorrera,
  • Berrerabilpen dendak eta azokak sortu dira
  • Autokonposta eta auzokonposta

 

 

Zer egiten du Hernanik hondakin gutxiago sortzeko eta jasangarriagoak izateko?

1. ATEZ ATE HONDAKINAK GAIKA SAILKATURIK BILTZEKO SISTEMA

Familia bakoitzak lau hondakin mota bereizten ditu eta bakoitza bere ontzian sartu: plastikoa, papera eta kartoia, organikoa eta errefusa. Udalak ontzi bakoitza jasotzeko egutegi bat ezarri du eta herritarrek dagokien zintzilikarioan uzten du jaso beharreko ontzia. Sistema hori ezarri zenetik ZAZPI URTE beteko dira maiatzaren 9an.
Herritarren esfortzuari esker, egun Hernaniko etxeetan sortzen ditugun hondakinen %80a birziklatzen dugu. Atez atekoarekin hasi aurretik, %24a.

 

2. AUZOKONPOSTA ETA AUTOKONPOSTA

Auzokonposta egiteko 43 etxola daude herrian barreiatuta. Guztira, 1.635 familiak konpostatzen dute egun; 945 familiak egiten dute auzokonposta eta 690 autokonposta. Organikoaren %25 kudeatzen da sistema honen bidez.

 

 

3. MINIPUNTUAK

Ohiko lau ontzietan utzi ezin daitezkeen trasteak uzteko Garbigunea dago Hernanin. Dena dela, herritarrentzako erosoagoa izateko asmotan, 10 minipuntu jarri ditugu herriko auzoetan CD/DVDak, inprimagailu kartutxoak, bonbilak, halogenoak, eskuko telefonoak, bateriak eta entxufeak, besteak beste, etxetik bertatik bertara utzi ahal izateko.

 

4. OLIO BILKETA

10 makina daude herri osoan. Herritarrek pote berezi bat eskura dezakete udaletxean. Hori etxean erabiltzen duten olioaz bete eta makinan sartu behar dute. Betetakoa hartu eta garbi bat itzultzen die makinak.

 

 

5.-TUPPERREN ERABILERA ARRAINDEGIKO EROSKETA EGITERAKOAN

Hernaniar asko dira arrandegira etxetik tupperra hartuta joaten direnak. Modu horretan arraina, modu eroso batean, bildukirik gabe erosteko aukera dute.

 

 

6.- EROSKETETARA ORGA EDO POLTSA BERRERABILGARRIEKIN

Erabat arrunta da hernaniarrok erosketak egitera joatea etxetik poltsa berrerabilgarria (edo orga) hartuta. Modu horretan ez dago plastikozko poltsak erabili beharrik.

 

 

7.- FESTA ETA JAI HERRIKOIETAN EGITEN DIREN BAZKARIETARAKO MAHAI TRESNA BERRERABILGARRIEN ERABILERA

Udalak mahai tresna berrerabilgarrien partekatze zerbitzua du antolatua bazkari herrikoietarako. Horretarako nahikoa da bazkari-antolatzaileek Udalarekin harremanetan jartzea eta eskatzekoa mahai-kide bakoitzarentzat mahai tresnak (platerrak, koilara, sardexka, kutxiloa eta edalontzia) erretserbatzea eta udaletxean jasotzea. Bazkaria izan eta gero erabilitako tresnak entregatu udaletxean eta Udalak garbitu egiten ditu. Modu horretan, hondakin multzo handia ekiditen da.