Herriko kultur eragileei deia nerabeentzako ikastaroak proposatzeko

Herriko kultur eragileei deia nerabeentzako ikastaroak proposatzeko

Nerabeak kultura kontsumitzaile hutsa izatetik sortzaile izatera pasatzea da egin nahi diren ikastaroen helburua. Aukeratzen diren proposamenen artean gazteek beraiek bozkatuko dituzte gehien gustatzen zaizkienak.

2018·05·25


Hernani Erabakiren baitan, nerabe-gazteentzat antolatutako ekintza gehiago eskaintzeko proposamena gauzatzen ari da Udala. Gainera, amaitu berria den kulturaren inguruko hausnarketan gazte eta nerabeei zuzendutako eskaintzari buruko kezka ere jaso da.

Ondorioz, kezka hori aztertu eta plangintza bat osatzeko lanean jarri dira Hernaniko Kultura eta Gazteria Sailak. Plagintza hori, gainera, herriko kultur eragileekin batera egin nahi du. Hori dela eta, eragileek ikastaro egitasmoak aurkeztu ahalko dituzte. Ikastaroen helburuak nerabeen artean sormena sustatzea izan behar du: gazteak kultura kontsumitzaile hutsetik sortzaile izatera pasatzea da xedea. Horretarako, formatu laburreko ikastaroak izatea da asmoa.

Kultur eragileek, beraz, maiatzaren 25etik ekainaren 22ra arte izango dute proposamenak egiteko aukera.

Gai ezberdinetako ikastaroak izan daitezke, esaterako, bideogintza eta zinemarekin erlazionatutako tailerrak, komiki munduan murgiltzen direnak, teknologia berriekin lotuak, arte ederrekin konektatzen dutenak, poesia eta hitzekin jolas egiten dutenak, ilustrazioa edo joskintzarekin erlazionatuak, dantza, gorputz adierazpenak, abesti eta musika sortzen laguntzen dutenak…

Jasotako proposamenak aztertu ostean, gazteek beraiek aukeratuko dituzte gustukoenak.  Bozketa bidez egingo da aukeraketa. Online galdeketa irekiko da irailean zehar, 12 eta 17 urte bitartean dituzten gazteek ikastaro gogokoenak bozkatzeko. Boto gehien jasotzen dituzten ikastaroak antolatu eta burutuko dira.

ESKAERA ORRIA

NON AURKEZTU: Herritarren Harrera Zerbitzua-HHZ) (Gudarien plaza, 1). Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 19:00etara.

AURKEZTEKO EPEA: maiatzaren 25etik ekainaren 22ra arte