Noticias

Atrás ​Aurten ere ez dira ospatuko ohiko San Joan jaiak eta preludioa ere bertan behera geratu da

Pandemiaren egoera dela eta eta indarrean dauden segurtasun neurriak direla eta, ohiko jairik ez da izango eta, iaz bezala, kultur jarduera batzuk egitea adostu du Sanjoanetako Jai Batzordeak. Lehenengo ekitaldia udako solstizioaren ikuskizuna izango da, Chillida Lekun. Doos Colectivoren Gorpuztu dantza eta musika uztartzen duen ikuskizuna irekiko du uda sasoia. Hernaniarrek, gainera, prezio berezian.

02·06·2021


Iazko sanjoanak bertan behera gelditu ziren COVID-19ak sortutako pandemia dela eta. Urtebete igaro da eta osasun egoera ez da bere onera itzuli. Egungo egoerak gaur gaurkoz ez du bermatzen jaiak kalean beharrezko segurtasunarekin ospatzea eta, hori kontuan hartuta, aurtengo Sanjoanak eta preludioa ere bertan behera uztea erabaki du Sanjoanetako Jai Batzordeak. Hala ere, iaz egin zen bezala, kultur eta aisialdi eskaintza bat jarriko da hernaniarren eskura. 

Pandemiaren hasieratik egin den bezala, antolatuko diren jarduera guztietan aforoa eta segurtasuna bermatuko da, jende pilaketak saihesteko. 

Udako solstizioa Chillida Lekun
Datorren ekainaren 20an, urtero bezala, Chillida Leku museoan udako solstizioaren ospakizuna egingo da. Aurtengoan, Doos Colectivoren Gorpuztu dantza garaikideko ikuskizuna eskainiko da, eta museoak eta Hernaniko Udalak duten elkarlanari esker, hernaniarrek sarrerak ohi baino merkeago eskuratu ahalko dituzte; 15 euroan, alegia. Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Prezio horretan, guztira, 100 sarrera jarriko dira salgai Biteri kultur etxeko leihatilan ekainaren 14tik aurrera (09:00-13:00 / 16:00-21:00).

Gorpuztu dantza garaikideko ikuskizuna da, zuzeneko musika du, eta oreka bilatzeari buruz hitz egiten du. Lasai egoteko, zarata isilarazteko, karga eta errua arintzeko, animaliak lasai lo egiten duen lekua aurkitzeko borroka da. Zenbait erlijiotan gorputzak une jakin batzuetan duen erabilerari buruzko ikerketa batetik sortzen da. Gorpuztu jaio zen, gorputza hainbat zatitan banatuz, otoitz-garaian mugimendu-ekintzak behatuz eta hainbat erlijiotan agertzen diren errua, penitentzia, transzendentzia eta sumisioa bezalako kontzeptuak ikutuz.