“Desberdintasunak izan daitezela herri honen aberasgarri. Gure herriko ehunka biktimei zor diegu”

10·02·2023
Biteriko areto nagusiko eserleku ia guztiak hartuta zeuden. Bertan Hernaniko udal talde politikoko ordezkariak egon ziren, Javier Buces Cabello ikerketa lana egin duen Aranzadi Zientzia Elkarteko historialaria, Juanjo Uria eta Jose Ramon Lasarte -testigantza eman duten bi herritar-, bizikidetzaren inguruan sortutako herritar taldeko kideak, bizikidetzaren alde lan egiten duten beste erakundeetako ordezkariak eta, batez ere, herritarrak. Horietako batzuk, txostenean azaltzen diren biktimak dira edo horien senitartekoak.
Irati Sarasua kazetari hernaniarrak gidatu zuen ekitaldia eta Judith Montero eta Roberto Pacheco saxofoi jotzaileek harilkatu zuten ekitaldia momentu horretarako bereziki aukeratutako piezekin.
Hernani-1960-2021 dokumentuan 707 biktima eta 1046 kasu identifikatu dira. Dokumentazio lan hori Javier Buces historialariak egin du. Bucesek nabarmendu zuen gatazka politikoa sufritu duen edozein gizartean egia jakiteak duen garrantzia.
“Nazioartean, giza eskubideei dagokienez, biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea. Gu, Aranzadi bezala, ikerketa historikoaren bidez saiatzen gara gertatutakoa ezagutarazten, egia bilatzen. Hori da gure lana. Justizia eta erreparazioa beste esparru batzuetan daude, baina egiarik gabe, biktima horiei izen-abizenak jarri gabe, ezinezkoa da justiziaren eta erreparazioaren beste bi printzipioak lortzea”, ohartarazi zuen Aranzadiko historialariak.
“Baina, Hernanin, egiari buruz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? Ba, batez ere, azken hamarkadetan Hernanin motibazio politikoko indarkeriaren biktima izan diren pertsonez, hau da, euskal gatazkaren azken hamarkadetan indarkeria jasan duten pertsonez ari gara (izen-abizenekin). Beraz, metodologia zientifiko batekin, iturriak kontrastatzen, memoria integrala bilatzeaz ari gara, baina historialarien lana betez ere, gertakariak testuinguruan jartzen”, azaldu zuen Bucesek.
“Argitalpen honetan 707 biktima eta 1046 kasu identifikatu dira. Imajina dezakezue zenbat lan dagoen atzetik. Baina, zailtasun guztien gainetik, euskal gatazkaren ondorioak ikertzen ditugunean, bi gauza islatzen dira: lehengoa, euskal gizartea prest dagoela bere memoria osoa (integrala) jasotzeko. Hau da, euskal gizartea heldua da. Eta, bigarrena, ikerlariok hemen gaude datuak mahai gainean jartzeko, egiaren printzipioa betetzeko. Gu ez gara epaileak eta ez gaude printzipio etikoak finkatzeko. Guk egia jartzen dugu mahai gainean eta gero bakoitzak bere ondorioak ateratzen ditu”, erantsi zuen Javier Bucesek.
Adierazpen instituzionala
Xabier Lertxundi alkateak irakurri zuen Hernaniko udal talde guztiek osatzen duten Bizikidetza Mahaian adostutako adierazpen instituzionala. Bertan 2014an abiatutako egitasmoaren urratsak aipatu zituen Lertxundik, eta atzo aurkeztutako lan horretan parte hartu duten pertsonei -biktimak zein senitartekoak- eskerrak eman zizkien, “zuei esker gaurko eta etorkizuneko hernaniarrok gure herriaren errealitatea ezagutzeko aukera izango baitugu”.
Adierazpenean onartzen zen ibilbide horretan “desberdintasunak izan direla”, baina “desadostasunak egonda ere, denok bat egiten dugu kontu batean: iragana ezin dugu errepikatu. Eta ados gaude iragana ezagutzeak eta onartzeak aurrera egiteko balio behar digula. Edozein indarkeria motaren aurka”. Alkateak irakurritako mezuaren azken zatiak etorkizunean lan egiten jarraitzeko deia egiten zuen. “Desberdintasunek ezin baitute oztopo izan bizikidetzarako. Desberdintasunak izan daitezela herri honen aberasgarri. Gure herriko ehunka biktimei zor diegu”.
“Desberdinen arteko bizikidetza eratu behar bada, egiatik egin behar da”
Ekitaldiaren unerik hunkigarriena izan zen Aranzadiren lana osatzeko testigantza eman duten bi biktima oholtzara igo zirenean. Gaztetatik ezagunak diren Jose Ramon Lasarte eta Juanjo Uria eseri ziren elkarren ondoan. Jose Ramon Juanjoren irakaslea izan zela gogora ekarri zuten biek umorez.
Batak zein besteak aitortu zuten, memoria berreskuratzeko lan honetan elkarrizketa egin zietenean, barruak astindu zizkiela eta samina ere piztu ziela ariketa horrek, baina mezu baikorra ere eman zuten. Biktima guztien mina, besteen mina ezagutzeak hobeto ulertzeko eta zauriak sendatzeko balio izan diela esan zuten. Eta haien esfortzuak herrian ere bizikidetza hobetzeko balioko duenaren itxaropena dutela. “Desberdinen arteko bizikidetza eratu behar bada, egiatik egin behar da”, adierazi zuen Juanjo Uriak. “Gertatutakoa denok ezagutzea beharrezkoa da. Ea denon artean konpontzea lortzen dugun”, desiratu zuen Jose Ramon Lasartek.
Emozioz betetako momentuak izan ziren elkarrizketetan, baina Judith Monterok eta Roberto Pachecok Itxaropenerako grina piztu zuten publikoaren artean, ekitaldia amaitzeko aukeratu zuten Aretha Franklin soularen erreginaren “Think”-en doinuari esker.