“Sagardoaz gozatzera datozenak ongi etorriak dira Hernanira, baina batzuek horren aitzakian izaten dituzten jarrera matxistak, arrazistak eta errespetugabeak ez ditugu onartzen”
07·02·2023
Hala ere, “ohitura horrekin batera, badira ohiko bihurtu diren beste jarrera onartezin batzuk eta horiek ez dira sagardoaren kulturaren parte. Zoritxarrez, sagardoaren aitzakian, sexu erasoak, arrazistak edota bizilagunen atsedena oztopatzen duten jarrerak izaten dira maiz Hernanin. Ozen esan nahi dugu horiek ez dutela lekurik Hernanin, eta ez daukatela sagardoaren kulturarekin zerikusirik. Hernaniarrok sagardoaren kultura babesten dugula baina jarrera horiek arbuiatzen ditugula adierazteko mezua zabaldu nahi dugu”, ohartarazi du Lertxundik. Eta horretarako “Ez da sagardoa. Zu zara” lelopeko kanpaina abiatu du Udalak eragileen babesarekin.
Bideoa sare sozialen bidez zabalduko da eta autobus markesinetan kartelak jarriko dira. Mezuak:
1. Zu lolo, lolo, lolo eta bizilagunak lo egin ezinda?
2. Zenbat aldiz esan behar zaizu ezetz, bakean uzteko?
3. Txinita, beltza, moro ez dira inor izendatzeko moduak. Hori arrazakeria da.
3. Erasoak eraso dira, baita zure lagunak egiten dituenean ere.
KANPAINAREN SPOTA
Hernaniko Udalak txotx garaiaren inpaktua ezagutzeko asmoz, azterketa bat enkargatu zuen 2018an. Honako hauexek dira emaitza aipagarri batzuk:
- Hernaniko 12 sagardotegiek 1.800 plaza eskaintzen dituzte. 60.000 inguruko erretserba izaten dute denboraldi osoan; erreserben ia erdia martxoan.
- Kanpotik datozen autobusak: 2018ko denboraldian 466 autobus zenbatu zituen (gutxi gora behera 24.000 pertsona). Horietaz gain, trenean, autobus erregularrean eta autoz datozenak daude.
UDALAK TXOTX GARAIAN HARTZEN DITUEN NEURRI BEREZIAK
-Ohiko neurriak:
• GARBIKETA:
-Kale garbiketa indartzen da. Asteburuetan, Kaxkoan, garbiketa berezia egiten da.
-Kaleko komun gehiago jarri: ohiko moduan, Gudarien plazan, Atzieta kalean eta Zinkoenean komun mugikorrak jarriko dira eta Plaza Berriko komun publikoak ere irekitzen dira. Nafar kalean dauden komunek osatzen dute eskaintza. Autobusek aparkatzen duten Ibaiondo poligonoan ere jarriko dira komunak.
• SEGURTASUNA:
-Udaltzaingoa: liskarren prebentzioa egiteko Udaltzaingoak zerbitzua indartzen du asteburuetan (ohiko zerbitzua bikoiztuko dute denboraldi osoan).
-Ertzaintzak autobus eta tren geltokien kontrola egiten du, baita Kaxkotik kanpoko eremuarena ere. Horrela, udaltzainak arreta guztia jar dezakete Alde Zaharreko eremuan.
• GARRAIOA:
-Hiribusak sagardotegi guztietatik ibilbidea egiten du asteburuetan ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko eta alkoholarekin izan daitezkeen arazoak saihesteko. Ordutegiak eta ibilbidea
-Taxien zerbitzua ere indartzen da, batez ere martxoko larunbatetan.
-Informazioa eta arreta guneak:
• JARRERA MATXISTEN ETA ARRAZISTEN AURKAKO KANPAINA. “Ez da sagardoa. Zu zara”
Txotx garairako Protokoloa martxan jarri du Hernanik eta, horren barruan, ostalariek formakuntza jaso dute, erasoren bat antzemanez gero, protokolo hori martxan jartzeko.
Berriro bueltan da “Indarkeria sexistarik gabeko gunea” Nafar kalera. Aurreko urteetako esperientzia ondo baloratuta, aurten ere jarriko da. Bertan, informazioa egongo da. Erasoa jasan dutenentzako zerbitzua da, baita erasoren bat ikusi eta horren berri eman nahi dutenentzat. Otsailaren 25tik aurrera, larunbatetan, 18:00tatik 22:00etara.
Horrekin batera, Udaltzaingoaren telefonoa 092 edo 112 larrialdietarako telefonoa daude 24 orduz erabilgarri. Udaltzaingoak ere Gudarien plazan jarriko du kaseta, edozein eraso edo istiluren berri jasotzeko edo informazioa eskaintzeko.
Kalean txiza egiteagatik isunak
Kaxkoko bizilagunen artean kezka handia sortzen du jendeak kalean utzitako pixek. Udaltzaingoak arreta berezia jartzen du horretan. 200 euroko isuna izaten da, 60 euro momentuan ordainduz gero.