Noticias

Musika, dantza, zinema eta literatur eskaintza aberatsaz goza dezakegu datozen hilabeteotan herrian bertan

10·01·2023


“Pandemiaren une gogorrenen mugak eta beldurrak atzean utzita, joan zen udazkenean aretoetara itzultzera animatu genituen herritarrak. Benetan erantzun ona izan dugu. Udazkeneko ikuskizun eta ekitaldi gehienetan sarrerak agortu dira edo aretoak lepo beteta izan ditugu. Herritarren gustuko kultur eskaintza eduki dugunaren seinalea”, esan du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak.

Neguko oporrak igarota, urtarriletik ekainera bitarteko egitaraua aurkeztu dute gaur, oraindik obretan dagoen Biteri kultur etxean. Koro Etxeberriak berak, Kultur teknikari Nagore Irastortzak eta Ainara Aiestaran Udal Liburutegiko arduradunak eman dituzte datozen hilabeteotako egitarauaren zertzeladak. Aipamen berezia egin diote denbora luzez Liburutegiko arduraduna izan den Rakel Gonzalezi, eta pasioz egindako lana bihotzez eskertu diote. Gonzalezek erretiroa hartuta, Ainara Aiestaranek hartu dio lekukoa.

Ainara Aiestaranek, hain zuzen ere, literaturari buruzko egitaraua azaldu du. Literatura beti bezain mamitsu datorkigu oraingoan ere. “Literatur solasaldiak izango dira, beti bezala, hilean behin, bat euskarazko liburu bati buruz eta bestea gaztelerazko bati buruz”. Guztira, hamabi solasaldi izango dira ekainera bitartean.

Emakumeen euskal literatura mintegiak ere bere bidea egiten jarraituko du Liburutegian. Alaine Agirrek gidatuta, emakume idazleen euskarazko lanak ikuspuntu feminista batetik irakurtzeko tailer honetan hainbat lan aztertzeko parada izango da. Batzuk aipatzearren, Anariren Gari eta Goroldiozko, Katixa Agirreren Berriz Zentauro edota Lorea Agirreren Trikua esnatu da.

Ipuin kontaketak ere izango dira, eta haurrak bakarrik sartu ahalko dira liburutegian prestatutako haurren txokora.

Aiestaranek nabarmendu duenez, “aurten, bigarren aldiz, Hernanik parte hartu du Ahoz-aho jaialdian”. Intujai teatroak antolatutako ahozkotasunaren nazioarteko jaialdi horrek 16. edizioa ospatuko du aurtengo martxoan. Jaialdia gala nagusi batekin amaituko da: martxoaren 17an izango da Biteri kultur etxean eta publiko guztiei irekia izango da.

Mari Zaunka kolektiboak Biterin estreinatuko du bere dantza garaikideko ikuskizun berria

Arte eszenikoei dagokienez, aipagarria da Biterik hartuko duen estreinaldia: Erreka ondoan, bi gezur dantza garaikideko emanaldia, Mari Zaunka kolektiboarena.

Musikari dagokionez, euskal artistek disko eta proiektu berriak aurkeztuko dituzte, esaterako, Igor Elortzak eta Rafa Ruedak Anonyme Popular; Eñaut Elorrietak eta Sara Azurzak ere lan berriak ekarriko dituzte. Musikari hernaniarrek ere izango dute lekua egitarauan: Anarik Chillida Lekuko Zabalaga baserrian eskainiko du kontzertu akustikoa (sarrera oso gutxi daude) eta aipagarria da Karena taldeak euskal kantuen bertsioekin Milagrosas emango duen kontzertu intimoa.

Antzerkiari dagokionez, haurrentzako emanaldiak, ohiko moduan, hilean behin izango dira (otsailetik maiatzera). Aipagarria da oholtza gaineko emanaldien itzulera, “umeekin kontaktu zuzena eta gertutasuna berreskuratzen da”.

Helduen antzerkian, “umorea izango da emanaldi guztietako elementurik esanguratsuena”, Irastortza teknikariak nabarmendu duenez.

Zinemari dagokionez, “zirkuitu komertzialetik kanpoko proposamenak izango dira”. Matrioskak, las niñas de la guerra, Ainarak edota Zure platerean hasten da mundua elikadurari buruzko dokumentala horren adibide.

Horretaz gain, Hernaniko Musika Bandak eta Hernaniko Txistulariek eskainiko dituzten kontzertuak eta emanaldiak ere alaituko dituzte herriko kaleak Santa Ageda bezperan, Inauterietan eta Sanjoanak, besteak beste.

Erakusketei dagokienez, Biterin egiten ari diren obrak direla eta, maiatzera arte ez da erakusketarik izango.