Noticias
Atrás

Haurrek diseinatutako abentura-parkea maiatzerako prest egongo da

3
Urbieta kalea eta Latsunbeberri auzoaren artean dagoen eremua haurrek amestutako jolas-parke bihurtuko da laster. Martxoaren amaieran hasiko dira lanak eta lau aste aurreikusten dira parkea amaitzeko. Udaberri bete-betean, beraz, gozatu ahalko da abentura-parke horretaz.

06·03·2023


“Ez da ohiko parke bat, hasieratik eta amaierara bitartean haurrekin batera eta haurren nahiak aintzat hartuta sortutako egitasmoa delako”, azaldu du Xabier Lertxundi alkateak.

Umeen irudimenetik sortu zenetik izena jarri arte ere, haurrak parte hartzen ari dira prozesu osoan. Ibilbide luzea izan duen egitasmoa da, zalantzarik gabe. Izan ere, Hernani Erabakiko 2017ko proposamenetako batetik abiatu zen: “Prozesu parte hartzailea garatzea sokadun parke bat definitzeko 8 urtetik gorakoek bertan eskalatu dezaten”.

“Haurrek abentura, mugimendua eta erronka berriei aurre egitea amestu zuten eta beraiek maketen bidez irudikatu zutena martxoaren amaieran eraikitzen hasiko da”, esan du alkateak.

Gazteria Saileko teknikari Maider Errastik eman ditu prozesuaren zehaztasunak. “2019ko udaleku irekietan 100 haur inguruk parte hartu zuten parkearen diseinuan. Azpimarratzekoa da haur haiek (orain jada batzuk nerabeak dira) herriari eta herriko beste haurrei egin dioten ekarpena. Parte hartzearen bidez, herriaren erdigunean esperimentazioan, jolas-librean, sorkuntzan, eta elkarrekin jarduteko parkea sortu baitute”.

Parkearen exekuzioa Hernani Erabakiko 2020ko proposamenaren bidez gauzatu da. “Hasiera batean horretarako zehaztutako aurrekontua ia hirukoiztu egin da, ondorengo arrazoiengatik: haurrek jolas-elementu asko landu zituzten eta ahalik eta gehien jartzea erabaki zen, jolas-elementuak egurrezkoak dira eta hauek behar duten babes eremua ere elementu naturalez osatua dago, parkeak beharrezkoak dituen beste elementu batzuk ere jarriko dira: iturria, bankuak, argiztapena egokituko da...”, argitu du Errastik.

Hernaniko beste haur jolas-parkeekin hainbat ezberdintasun izango ditu:  6-12 urte bitartekoentzako parke izango da, bereziki, 8 urtetik gorakoentzako erakargarria izan nahi du; dagoeneko eremuan dauden landare eta zuhaitzen paisaian txertatutako parkea izango da, eta jolas-eremua berdeguneak izango dira.  

Ahalik eta haur gehienek erabiltzeko parkea izango da, batik bat goiko eremua. Bertan kokatu dira irisgarrienak diren jolas-elementuak. Irisgarritasun lanetan lagun izan ditugu Koxka Elkartea eta Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea-Elkartuko arkitektoak. Umeez gai, beste pertsonek ere gozatzea espero dute sustatzaile guztiek. “Adin guztietarako pertsonentzat egoteko leku atsegina izatea espero dugu”.

Izena ere haurrek proposatuko dute

Izena ere haurren iradokizunetatik sortuko da. “Herriko ikastetxeetan jarriko dira postontziak eta haurrek proposatu ahalko dituzte parkerako izenak. Naturarekin lotua izatea eta euskaraz izaten lehenetsiko dira. Proposatutako izenen artean Gazteria Sailak bat aukeratuko du”, jakinarazi du Maider Errastik.

Umeen mugarik gabeko irudimenetik hartutako ideiak ahalik eta gehien errespetatzen saiatu dira Maushaus arkitektura enpresako arkitekto arduradunak (Judith Blazquez eta Anabel Varona eta Teresa Meana). “Noski, umeek amesten dituzten ekintza horiek segurtasunaren iragazia pasatu behar izan dute. Espazioaren gaineko esku-hartzea ahalik eta txikiena izatea ere saiatu gara: dagoen orografia aintzat hartu eta egungo berdeguneak aprobetxatuko ditugu. Hala ere, jolasak jarriko ditugun eremuak ere txukunduko dira seguruak izateko”, ohartarazi du Teresa Meanak.

Parkearen kontzeptua soka gorri baten inguruan sortu zen eta osagai gorriek harilkatuko dute eremu osoa. “Soka gorriak zentralitatea du parkean eta osagai batzuek ere gorriz pintatuko ditugu: farolak, bankuak... “, azaldu dute parkearen proiektua gauzatu duten Maushauseko kideek.

Gainera, Bizipoza elkarteak Hernaniko Udalari oparitutako gereziondoa ere parke honetan landatuko da; horrek ere izaera berezia emango dio parkeari. “Bertako haurrek zainduko dute, eta ametsak ere landatuko ditugu. Jolasa izango dugu inguruan, baina baita lurra, zuhaitzak, eta landareak ere, natura zainduko dugu egunerokotasunean. Gainera, euskaraz entzungo ditugu jolasean”, adierazi du Joxe Mari Agirretxe Bizipozako kideak.


Datuak:
Obra: martxoaren amaieran hasi eta 4 astetan eraikiko da. Bitartean eremua itxita mantenduko da.
Kostua: 278.058€
Enpresa: BDU Espacios de Valor.
Obra zuzendaritza: Maushaus eta Estudio T-M arquitectura
Lorezaintza: Arbolape

 

 

1 2 3