Noticias

Azken egunetako positiboen gorakadarekin kezkatuta, baheketa masiboa egiteko eskatu dio Udalak Osasun Sailari

Hernaniko alkate Xabier Lertxundi prest azaldu da udal azpiegiturak utzi eta ahal den neurrian Osasun Sailari baheketaren antolakuntzan laguntzeko herritarren osasun egoera okerrera ez joateko. Herritarren hobebeharrez udal ordezkariek eta osasun arduradunek elkarlanean aritzeko deia egin du alkateak.

01·07·2021


Hernanin azken egunotan COVID-19aren proban positiboa eman duten pertsona kopurua asko handitu da. Egoeraren larritasuna ikusi ondoren, kezka handia sortu da Udalean. Hori dela eta, osasun mahaia deitzea adostu zuten atzo Udalak eta herriko osasun zentroko ordezkariek. Osasun mahai hori pandemia osoan hainbatetan elkartu dira, unean uneko egoerak hobeto kudeatzeko asmotan. Mahai horretan informazioa elkarbanatu izan da hernaniarren osasun egoera hobetze aldera erabakiak adosteko. “Harridura handiz, atzo iluntzean jakinarazi ziguten ez zeukatela Osasun Sailaren baimenik mahai horretan parte hartzeko”, azaldu du Xabier Lertxundik gaurko prentsaurrekoan.

“Erabaki horren arrazoia jakiteko, Osasun Sailarekin harremanetan jartzen saiatu gara goiz osoan baina momentuz ez dugu inongo azalpenik lortu”, argitu du Lertxundik.

Udal zerbitzuetan hartuko diren neurriak
Egoera ikusita, udal ordezkariek bilera egin dute hala ere -alkatea, udaltzainburua eta lan arriskuen prebentziorako arduraduna- eta erabaki dute udal zerbitzuetan neurri batzuk hartzea. Iraganean indarrean zegoen araudiaren arabera, “udalerriak eremu gorrian sartzen zirenean hartzen genituen neurriak hartzea erabaki dugu”, esan du alkateak. “Kiroldegian, esaterako, bihartik aurrera gimnasioaren aforoa jaitsiko da eta lehorreko dutxak itxiko dira. Ikastaroetako aforoak ez dira aldatuko, jadanik neurriak zorrotz betetzen direlako. Langileriari dagokionez, ikastaroak eskaintzen dituzten monitoreei proba bat egitea eskainiko zaie, baita udalekuetako hezitzaileei ere, “horiek baitira herritarrekin kontaktu jarrairik estuena daukaten langileak”, azaldu du Lertxundik.

Hala ere, Udalaren eskumeneko neurri horiek ez dira nahikoak kutsatzeak gelditzeko, eta, horregatik, Hernaniko alkateak herrian baheketa masiboa egitea eskatu dio Osasun Sailari. “Beti egon izan garen bezala, orain ere prest gaude gure azpiegitura guztiak Osasun Sailaren eskura jartzeko baheketaren antolakuntzan laguntzeko edota errazteko”, nabarmendu du Xabier Lertxundik.

Positiboen kopuruaren jatorriari buruzko galderei erantzunez, “ez daukagu informazio nahikorik esateko non eta noiz sortu diren kutsaketa hauek. Aurreko egunetan ohi baino jende gehiago ibili da kalean, jakina da, baina ez daukagu inolako oinarri zientifikorik baieztatzeko zein den jatorria. Egun hauetan ere neurriak arindu dira eta horrek ere eragina izango du, seguruenik. Espero dugu osasun arloko profesionalak eta arakatzaileak lan egiten arituko direla eta informazio gehiagoren zain gaude”, esan du alkateak.