Noticias
Atrás

Bakardade ez hautatuan dauden adineko pertsonentzako akonpainamendu zerbitzua martxan dago

Hernani Burujabe herri proiektuaren barruan kokatutako programa da auzozaintza komunitarioa. 65 urtetik gorako pertsonen sozializazioa hobetzea, haien autonomia lortzea eta bizi diren komunitatean txertatzea dira programaren helburu nagusiak. Programa kudeatzeko hitzarmen bat sinatu du Hernaniko Udalak Zabalduz eta Maitelan kooperatibekin.

17·01·2022


Xabier Lertxundi Hernaniko alkatearekin batera, Alazne Corral eta Idoia Mariñelarena -Zabalduz kooperatibako kideak eta auzozaintza programaren koordinatzaileak- eta Elisa Peredo Maitelan kooperatibako lehendakaria izan dira gaurko aurkezpenean programaren inguruko azalpenak ematen.

Programa honen helburu nagusia da bakardade egoera hauskorrean dauden Hernaniko adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea. Horretarako, Udalak adineko pertsonei zuzendutako akonpainamendu zerbitzu bat jarriko du martxan. Honen bidez, harreman sozialak lantzea, autonomia lortzea eta herri mailako eragile eta dinamika anitzetan parte hartzea bilatuko da, beti ere, adineko pertsonen behar, nahi eta motibazioak zentroan jarrita.

Helburua, beraz, adineko pertsonak bakardade egoeran bizitzetik, bere auzo edo komunitatean bere bizitza modu autonomoan garatzea izango da. Horretarako, herritarron eta herriko eragileen laguntza ezinbestekoa izango da. “Bolondres bezala, AUZOZAIN bezala, sare honen parte eginez adineko pertsonen beharren detekzioan, zaintzan eta akonpainamendu prozesuan ekarpena egin ahalko da”, esan dute programaren bultzatzaileek.

“Zaintza beharrak handitzen ari dira. Adinekoek aukeratu ez duten bakardadeari aurre egiteko sozializazioa lantzea funtsezkoa da”, adierazi du Lertxundik. Bestalde, “zaintzan aritzen diren pertsonen egoera oso prekarioa da eta lan-baldintza horiek hobetzea ere bada auzozaintza komunitarioa programaren xedea”, erantsi du.

“Bakardadeak ez du, berez, bizitza kalitatean arrisku faktorea izan behar, baina desberdina da hautatutakoa den edo ez. Bakardadeari beste faktore batzuei gehitzen bazaie, orduan zaurgarritasuna areagotu daiteke. Horri aurre egiteko sortu da auzozaintza programa. Adinekoek haien komunitatean partehartzea sustatzen da, egunero modu informalean egiten diren zaintza batzuk sustatuko dira eta auzozainaren figura indartuko da”, azaldu dute Zabalduzeko ordezkariek.

Adinekoen egoeraren inguruko diagnosi bat egin da Hernanin eta horren arabera diseinatu da programa. Zerbitzu Sozialetatik geolokalizazioaren bidez identifikatuko dira programaren partehartzaile potentzialak. Herritar horiei programan parte hartzeko eskainiko zaie eta parte hartu nahi dutenei jarraipen pertsonalizatu bat egingo die Zabalduz kooperatibako profesionalek. Maitelan kooperatibako kideak ibilbide horretan bidelagun izango dituzte adinekoek.

Hiru auzoetan abiatuko da programa: Zikuñagan, Etxeberrin eta Portu-Elizatxon. “Auzo horiek aukeratu dira, egoera honetan dauden adineko asko daudelako eta, bereziki, auzoen kokapena eta irisgarritasunarengatik erdiguneko zerbitzu eta eskaintzetara iristeko zailtasun gehiago dituztelako”, azaldu du alkateak. “Gutuna bidali diegu honezkero 65 urtetik gorako herritar horiei. Programa honen berri emateko eta parte hartzera animatzeko”, jakinarazi du alkateak. Hilabete batzuk barru zabalduko da herri osora.