Hernanik atez ateko bilketa sisteman duen esperientzia azalduko du Bartzelonan egingo den jardunaldi batean
17·01·2022
Jardunaldi honetan, hiriek ekonomia zirkularrari buruzko Europako estrategian duten eginkizunari buruz hitz egingo da. Horrela, atez ateko hondakinen bilketa ezarrita dagoen Europako hiru tokitako esperientziak azalduko dira. Xabier Lertxundi Hernaniko alkatearekin batera, haien hirietako esperientziak kontatuko dituzte Michele Giavinik (Italiako iparraldean sistema honen funtzionamendua izango du hizpide) eta Frederic Cuypersek (Belgikako Anberes hiriko esperientziaren berri emango du).
Hiru kasu horien azalpenaren ostean, Katalunian atez atekoaren ezarpenaren azterketa eta balorazioa egingo dute bertako ordezkariek. Katalunia aitzindaria izan zen atez ateko sistemaren aldeko apustuan. Izan ere, 2000. urtean hasi ziren lehenengo herriak sistema hori ezartzen. 2018an Bartzelona gehitu zitzaion (Sarriá auzoan), eta egun Kataluniako 200 udalerrik baino gehiagok dute ezarrita bilketa sistema hori.
Xabier Lertxundik Hernanik atez ateko sistemarekin izan duen ibilbidea aurkeztuko du. Hartara, Hernanik 2010ean egin zuen hondakinak biltzeko modu honen aldeko apustua eta hondakinen %80 inguru gaikako bilketa lortu du. Portzentaia horrek Europar Batasunak estatu kideentzat ezarritako helburuak aise gainditzen ditu. Izan ere, EBk hiru-hondakinentzako jomugak finkatu ditu: 2025ean gutxienez %55 birziklatzea, 2030ean %60 eta 2035ean %65. (iturria: Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako Ministerioa).