Noticias
Atrás

Eskolako Agenda 2030 martxan da. Goazen denok Basora!

Eskolako Agenda 21 Eskolako Agenda 2030 izango da hemendik aurrera. Ikastetxeetan garapen iraunkorrari buruzko sentsibilizazioa sustatzea helburu duen programa hau NBEk 2015ean onartutako helburuetan oinarritzen da: nagusiki munduan pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko. Aurtengo gaia 15. helburuarekin lotura dago, hain zuzen ere, lehorreko ekosistemen bizia.

17·11·2020


Abiatu berri dugun 2020-2021 ikasturtean, orain arte ezaguna genuen Eskolako Agenda 21 programa Eskolako Agenda 2030ean bihurtu da. Agenda berri hau oinarritzen da Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetan.

Helburu hauek 2015eko irailaren 25ean onartu zituzten NBE osatzen duten 193 herrialdek, nagusiki munduan pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko.

Hemendik aurrera, eskoletan egingo den lanketa helburu hauetan oinarrituko da. Aurtengoan, 15. helburua izango dugu abiapuntua: LEHORREKO EKOSISTEMETAKO BIZIA. Oso helburu zabala da: “Lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa gelditzea eta lehengoratzea, eta biodibertsitatearen galera gelditzea”. Aurtengoan, zehazki, BASOEN inguruan arituko gara.

Programa hau Hernaniko udalak bultzatzen du eta Artelatzek Ingurumen Zerbitzuak S.L.k garatzen du herriko ikastetxeekin batera. Partaideak, herriko Haur eta Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxiler eta Gizarte Berrikuntzako ikastetxeak dira. Guztira, adin desberdinetako 2.500 ikasle inguru gaian murgilduta.

Ikasturtean zehar, ikaslegoarekin batera, hausnartzeko aukera paregabea dugu. Burutuko diren ekintzen berri izango duzue. Dagoeneko martxan gaude, ikastetxeetako partaide guztiak, ikasle, irakasle zein guraso, aldaketaz informatuz eta motibazio fasean sartuta. Hemendik aurrera ikastetxearen eta herriaren diagnostikoa egitea egokituko da, beti ere aurtengo helburua kontuan izanik. Zer da baso bat? Zerk osatzen dute basoa? Landaketa eta basoa, gauza bera al dira? Nolakoa da gure ikastetxearen ingurua? Eta herria? Zenbat berdegune eta baso daude herri eremuan? Zein kontserbazio mailetan? Eta bere kudeaketa?... Galdera ugari ikastetxeko eta herriko “argazkia” egiteko.

Basoak naturaz gozatzeko ingurune apartak dira. Orain, inoiz baino gehiago. Animatzen zaituztegu zuek ere jasangarritasunaren trenera igotzera! INOR ATZEAN UTZI GABE!