Noticias
Atrás

Eraldaketarako lehen pausoa eman du Hernanik

Aurreko ostiralean, urriak 1, Hernani Burujabe herri-proiektua aurkeztu zen Hernanin. Atsegindegi plaza 160 herritar inguruk bete zuten. Hernaniko herritarrak, ehun ekonomikoa eta Udala elkarrekin lanean ari dira bizitzan beharrezkoak ditugun arlo nagusietan subiranotasunerantz joateko xedez.

04·10·2021


Irati Sarasua Arabaolaza kazetari hernaniarra aritu zen aurkezpenaren gidari lanetan. Etxe baten itxura hartu zuen Atsegindegi plazak. Antolatzaileen esanetan, Hernani hernaniarren etxe bezala irudikatu nahi izan zuten. Iratik proiektuan parte hartzen ari diren pertsona ezberdinen bisita jaso zuen etxean.

Mikel Valero Alzaga izan zen igotzen lehena, Hernani Burujabe proiektuaren abiatzea dinamizatzen aritu den kideetako bat. Egun bizi dugun krisi anitzen egoera azaldu du lehenik (zaintzen krisia, krisi klimatikoa, arrakala soziala...). Era berean, azpimarratu zuen konfinamendu garaian eraldaketarako grina azaleratu zela, baina beharrezkoa zela inurri lana egin eta guztiari forma konkretu bat ematea. Aipatu zuenez, “eraldaketa bilatzen duen proiektu batean ari gara Hernanin. Ari gara saiatzen artikulatzen guzti horiek, proposamen bat egiten, gizarte berri baterako, azken finean”.

Hernaniko alkate den Xabier Lertxundi Asteasuinzarrak hartu zuen hitza jarraian: “Planteatzen ari garena da Hernaniko beharrei, herritarrok dauzkagun beharrei, nola erantzun herriko eragile ezberdinekin: herritarrak, Udala eta sektore ekonomikoa”. Horretarako gakoetako bat herritarrak ahalduntzea dela azaldu zuen; alegia, herritarren inplikazioa ezinbestekoa dela aurrera egiteko. Azaldu zuenez, “gure saltokien alde, gure ekoizleen alde, gure herritarren lan-baldintzen alde egiten badugu, gure kultura babesten badugu, gure ingurumena zaintzen badugu, Hernaniren alde eta gure alde ere egiten ari gara”.

Hasierako kokapenaren ondoren, burujabetza ezberdinak lantzen ari diren herritarren txanda heldu zen.

Hasteko, elikadura burujabetza lantzen ari den taldeko Kontxi Zubiondo eta Ibon Zapiain sartu ziren etxera. Herrilur kontsumo taldeko Ibon Zapiain  izan zen hitz egiten lehena: “Herrilur kontsumo taldea da baserritarron eta herritarren arteko bitartekari bat. Baserriko produktuak eta balioak herritarrei eskainiko dizkien talde bat. Ikusten dugu bakarka baino, kolektiboki askoz ere indartsuagoak garela”.  Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkarteko Kontxi Zubiondok jarraitu zuen: “Herritarren eta baserritarren arteko zubiak eraikitzeko asmo honekin guztiok dugu irabazteko”.

Energia burujabetza lantzen ari den taldea izan zen parte hartzen hurrengoa. Mikel Tolosak azaldu zituen taldearen asmoak: “Gure taldearen helburua da energian ere burujabetzarantz pausoak ematea eta trantsizio energetiko juxtu bat sustatzea”. Hain zuzen ere, honezkero bi proiektu tekniko landu dituzte Zubipeko estalkian eta Ereñotzuko frontoian energia sortzeko eguzki plakak ezartzeko asmoz.  

Zaintzen burujabetza lantzen ari den taldeko Elisa Pereirok jarraitu zuen: “Gure helburua da zaintzen demokratizazioa lortzea, bizi baldintza duinak lortzea, bai zaintzen ditugun pertsonentzat bai zaintza lanez arduratzen garenontzat”. Lantzen ari diren zerbitzu berri bat ere aipatu zuen: laster martxan jarriko den bakardade-egoeran dauden pertsonentzako akonpainamendu sozialeko sarea, esaterako.

Eragile sozialen hitzartzeen txanda itxi zuen merkataritza eta monetaren alorraren ordezkariak, Oihane Fernandez merkatariak: “Gure herrian, Hernanin, lortu nahi duguna da gure nortasuna mantentzea, kanpotik eskaintzen diguten sistema ekonomikoa ez dugulako gustuko. Merkataritzatik lortu nahi duguna da Hernaniko kaleak kolorez eta jendez beteak egotea“. Talde honek ere honezkero egin du bidearen zati bat. Urte hasieran Hernanin plataforma (denden erakusleiho digitala) jarri zuten martxan merkataritza-eskaintzari ikusgarritasuna emateko asmoz eta ondoren banaketa-zerbitzu bat ere jarri zuten martxan. Hirugarren ardatz gisa Ekhilur herriko txanpona soziala aurkeztu dute duela egun gutxi.

burujabe.hernani.eus webgunean ari dira jasotzen arlo guztien inguruko informazioa eta sare sozialen bidez ere informazio berria zabaltzen jarraituko dute hemendik aurrera. Gainera, urriaren 22-23 asteburuan Iturolan jardunaldi batzuk antolatu dituzte burujabetzen inguruan eta bertan Hernani Burujabe gehiago ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Eraldaldaketara pausua ematera gonbidatu dituzte herritarrak.