Noticias
Atrás

Hernani pozez eta ilusioz sartu da UEMAra, eta elkarlanean helduko dio ezagutzaren eta erabileraren aldea murrizteko erronkari

Hernaniko eta Astigarragako udalek agerraldi bateratua egin dute, eta poza eta ilusioa adierazi dute larunbataz geroztik UEMAko kide direlako. Bi herrietan gora egin du euskararen ezagutzak, baina aldea handituz ari da ezagutzaren eta erabileraren artean. Alde hori murrizteko eta udalen zein udalerrien euskalduntzean sakontzeko, UEMAren esperientzia eta zerbitzuak baliatu nahi dituzte bi udalek. Euskararen biziberritze planak diseinatzea eta herritarren kontzientziazioan eragitea izango dituzte lehen erronkak. UEMAk harrera beroa egin die udal berriei. Hernani eta Astigarraga udalerri euskaldunen bilakaera soziolingustikoaren adibide esanguratsuak direla adierazi du UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, eta horietan erabilerari eusteko ezinbestekoa dela inertziatik kontzientziarako saltoa egitea.

20·12·2022


Xabier Urdangarin eta Xabier Lertxundi Astigarragako eta Hernaniko alkateek, Aintzane Barandiaran eta Oier Agirresarobe euskara zinegotziek, eta UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok agerraldia egin dute gaur arratsaldean Astigarragako udaletxean. Larunbataz geroztik Udalerri Euskaldunen Mankonunitateko kide dira Hernani eta Astigarraga, eta elkarrekin agertu nahi izan dute gaur, horrek bi udalei zertan eragingo dien ezagutarazteko eta hizkuntza politikan dituzten erronkak nabarmentzeko.

Bi alkateek poza eta ilusioa adierazi dute Hernani eta Astigarraga UEMAn sartu direlako. Adierazi dutenez, azken hamarkadetan, pixkanaka bada ere asko aurreratu dute bi herrietan euskararen ezagutzan. “Hori herritar guztion ahaleginari esker izan da. Beraz, zorionak eman nahi dizkiegu herritar guztiei”.

UEMAko kide izateko ezinbestekoa da herriko euskaldunen indizea %70 izatea. Beraz, langa horretara helduta, udalerri euskaldunen artean daude Hernani eta Astigarraga, eta horregatik poza agertu dute bi udaletako ordezkariek. Dena dela, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldearekin kezkatuta agertu dira, udalerri euskaldun gehienetan bezala erabilera beherantz ari baita Hernanin eta Astigarragan ere, eta egoera iraultzeko beharra ikusten dute: “Erabilera handitzea izango dugu datozen urteetako erronka”, nabarmendu du Hernaniko alkate Xabier Lertxundik.

Irakurri albiste osoa: www.uema.eus