Noticias
Atrás

Hernaniarrak euskara ikastera animatu nahi dituzte euskaltegiek eta Dobera elkarteak

Udal euskaltegiak, AEK-k eta Dobera elkarteak ikasturte honetarako duten eskaintza aurkeztu dute. Hernaniarrak euskara ikastera, hobetzera eta kalean erabiltzera animatu nahi dituzte.

14·09·2021


Hernanin euskara ikasteko, hobetzeko eta erabiltzeko dagoen aukeren berri eman dute gaurko aurkezpenean. Udal Euskaltegiak, AEK-k eta Dobera elkarteak ikasturte honetarako daukaten eskaintzaren berri eman dute.

"Azken 30 urteetako bilakaera aztertzen badugu, Hernanin gora egin du bai ezagutzak bai erabilerak. Eta igoera horren atzean eskolak, euskaltegiak eta euskara elkarteak daude", esan du Oier Agirresarobe Euskara arloko zinegotziak.

Udal euskaltegiak euskara ikasteko ordutegi zabalak eta moduen malgutasuna nabarmendu ditu aurtengo eskaintzan. Herritarrek ahalik eta errazen izan dezaten euskara ikastea. Horrekin batera, dirua ez dadin izan euskara ikasteko traba, beken sistemari eusten zaiola esan du Gurutze Salaberria udal euskaltegiko zuzendariak. Izan ere, urtero 67.000 euro bideratzen ditu Udalak horretarako.

Ixiar Erasun AEKko ordezkariak urteko eskaintzaren berri eman du eta nabarmendu du, ohiko taldeez gain, aurten ere autoikaskuntza eskainiko dutela.

Dobera elkarteko ordezkari Oier Ibarburuk Mintzalaguna programarekin jarraituko dutela esan du. Astean behingo programa honen oinarrian dago euskaldunen eta euskara ikasten ari direnen arteko elkarlana euskararen erabilera sustatzeko asmoz.