Noticias
Atrás

Herriko auzoen eta erdialdearen arteko mugikortasuna errazten duen Hiribus berria estreinatuko du Hernanik datorren astean

1
Autobus urbano berria estreinatuko dute hernaniarrek datorren astean. Egungoa baino handiagoa da -8 metro luze eta 3 metroko altuera du- eta Hernaniko auzo guztietara iristen da. Bidaiari kopuruari dagokionez, 17 pertsonak eserita eta 42k zutik bidaiatu dezakete (guztira, 59 bidaiari) eta herritar guztientzako irisgarria da.

13·01·2023


“Koxkarik gabe sartu eta irten daiteke, bi gurpildun aulkientzako lekua dauka, ume kotxeak eta enkarguetarako karroak eramateko lekua ere badu eta lau eserleku erreserbatuta daude mugikortasun murriztua duten pertsonentzat”, azaldu du Xabier Lertxundi alkateak.

“Esleipen berria egin genuenean, ibilgailu elektrikoa izaten saiatu ginen baina Hernanik dituen aldapak eta auzo batzuetara iristeko dauden bide estuak direla medio, ez dugu aurkitu zerbitzua behar bezala emango duen mota horretako ibilgailurik”, azaldu du Lertxundik.  Nolanahi ere, motorra gasarekin hibridatua dago eta ibilgailuek isuri dezaketen kutsadura mugak ezartzen dituen Euro 6 Europako araudia betetzen du.

“Ibilgailua aukeratzerakoan oso kontuan hartu zen Koxka Elkartearen iritzia. “Elkarte honetako kideekin etengabeko hartu-emana izan dugu ibilgailu berriak asetu behar zituen beharrak erabakitzeko”, erantsi du Koro Etxeberria Zerbitzu Publikoetako zinegotziak. “Autobusa aukeratu genuenean, haiek etorri ziren eta egiaztatu zuten egokia zela mugikortasun edo ikusmen murrizpenen bat duten pertsonentzat. Oso gustura gelditu ziren eta gu ere bai”, gehitu du.

Herriko auzoen artean mugikortasun jasangarria bermatzeko asmoz eskaintzen du Udalak Hiribusa zerbitzua. Ikastetxeetara, osasun zentrora joateko edo kanpoaldeko auzoetatik herrigunera iristeko garraiobide publikoa. Autobusa lanegunetan eta larunbatean ibiltzen da. Egunero, batez beste, 100 bidaiari garraiatzen ditu.

Udal arduradunek gogorarazi dutenez, “Hernaniko Hiribusa Mugi sistemari atxikita dago, eta, ondorioz, Mugi txartelari lotutako beherapenak eskuratzen dituzte bidaiariek. Autobus aldaketak ere doakoak dira. Beraz, “Donostia edo Andoainerako hiriartekoa hartu nahi izanez gero, auzotik Hiribusa hartuta, bakarrik txartel bat ordaindu behar duzu”.

Bi linea: urbanoa eta sagardotegietakoa

Linea 1: Hernaniko urbanoa
Eskaintzaren ezaugarri garrantzitsuena da, hirigunea eta herriko auzo batzuk lotzen dituela eta ordutegiaren arabera bidearen aldaketak egiten ditu Institutua bezalako puntuetara iristeko. Zerbitzua astelehenetik–larunbatera ematen da, eta eskola egunetan maiztasuna handiagoa du. Ordutegia eta

ibilbideak
3 linea ditu:
    • 0 linea: Eskola garaian eskaintzen da. Lau ibilbide egiten ditu.
    • 1 linea Etxeberritik Lizeagarainoko ibilbidea egiten du.
    • 2 linea Zikuñaga eta Elizatxo auzotik pasatzen da.

Linea 2: Sagardotegietako linea
Ibilbide hau Txotx garaian bakarrik egiten da, zehazki, otsaila eta apirila arteko ostiral gau, larunbat eguerdi eta larunbat gauetan. Asmoa da otordu bakoitzera joateko eta Hernanira itzultzeko garraio publikoan egiteko aukera eskaintzea. Aurten urtarrilaren 20an hasiko da zerbitzu hori. Ordutegia eta ibilbidea

1