Noticias
Atrás

Hitz Andanaren 5. edizioa emanaldi berri eta orijinalez beteta datorkigu

“Hitzaren inguruko jaialdia da Hitz Andana, herriko kultur eskaintzan izaera propioa eta indar handia hartu duen jaialdia”, adierazi du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak. Udal Liburutegiak eta Dobera euskara elkarteak elkarlanean antolatzen du. Hilaren 29an, 30ean eta urriaren 1ean egingo da. Hiru eszenatoki izango dituzte programatu diren ikuskizunek eta ekitaldiek: Biteri kultur etxea, Atsegindegi eta Chillida-Leku.

20·09·2022


Aurtengo edizioak ere proposamen interesgarriak eta originalak dakartza Hitz Andanak; irailaren 29an jaialdia abiatuko duen Kantuen kontuak horren adibide garbia da. "Joseba Sarrionandiaren eta Ines Osinagaren Olatu arteko txalupa arraroa izeneko formato txikiko ikuskizuna areto handi batean taularatzeko moldatu dute eta bertsio berria Biterin estreinatuko dute", jakinarazi du Rakel Gonzalez Udal Liburutegiko arduradunak.

Sarrionandiak duela hamar urte Habanan (Kuba) idatzitako testuak kantu bihurtu ditu Osinagak. Eta Itziar Garalucek ikuskizuna osatzen duen hirugarren osagaia, bisualak, sortu ditu. Doakoa da emanaldia baina gonbidapena ezinbestekoa da. Bihartik aurrera eskura daiteke kultura.hernani.eus webgunean eta Biteri kultur etxean bertan.

Irailaren 30ean Dead Lasala dantza konpainiaren proposamenaren txanda izango da. Dantza eta poesia uztartzen dituen ikuskizuna da. Puy Barralek egindako testuan oinarritua da, eta lau emakumeren bizitza kontatzen du dantza mugimenduez baliatuta. Sarrerak 8 euro balio du.

Urriaren 1ean Ardo liburu-diskoa aurkeztuko dute Andoni Tolosa Morau artista hernaniarrak eta Beñardo marrazkilariak. Morauk azaldu duenez, “emanaldian poesia liburua, kantu bilduma eta Iñaki Martiarena Mattinen marrazki bildumaz ardo kopa batez lagunduta eta Chillida-Leku bezalako leku batean gozatzeko aukera izango da”. “Ardoa aitzakia hartuta, munduaz hausnartuko dugu”, erantsi du. Ikuskizuna Zabalaga baserriaren barruan egingo da eta sarrerak 8 euro balioko du.

Koro Etxeberriak gogorarazi duenez, “Udalak Hernaniko museoarekin dugun lankidetza-hitzarmenari esker antolatu ditzakegu kultur proposamen interesgarri hauek magiaz betetako leku horretan”. Rakel Gonzalezek gehitu du Morauren ikuskizuna 19:00etan izango dela eta ikuskizunerako sarrerarekin ordubete lehenago sar daitekeela museora eta horretaz ere gozatu. Ondoren, ardo kopa batekin Mattinek sortutako irudiak ikusteko parada izango dute ikusleek.

II. Liburu Azoka

Egun horretan bertan ospatuko da Hernaniko II. Liburu Azoka, Atsegindegin. Dobera elkarteko ordezkari Nagore Zubiturrek eman ditu azalpenak. 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 19:30era hamabi postu egongo dira euskarazko liburuak eta Euskal Herriko literatur ekoizpenak erakusten eta saltzen. “Literaturaz gozatzeko aukeraz gain, liburu aurkezpenak, irakurraldiak, antzerkia, bertsoak eta ipuin kontaketa musikatua ere egongo dira Atsegindegin”. Aurtengo berritasuna da haur txokoa egongo dela azokak dirauen bitartean.

Irailak 29-urriak 1