Noticias
Atrás

Kulturaren koloreek margotutako udaberria datorkigu

Hernaniko Udalak hemendik maiatzera bitartean prestatutako kultur egitarauaren aurkezpena izan da gaur. Betiko moduan, publiko mota guztiak kontuan hartuta eta kalitatea ardatz hartuta egin da eskuartean dugun programazioa.

09·01·2020


Egitarau honetan nabarmentzekoak dira Hernanin hartuko ditugun hiru estreinaldiak: zine atalean, “Apaga la luz y verás” Axel O’Millek ikusmen arazoak dituen Ibon Casasen istorioa kontatzen duen lanarena; musika atalean, Maria Berasarte fadoa, flamenkoa, doinu zeltikoak eta euskal musika uztartzen dituen artistaren ikuskizuna; eta antzerkian, “O!” Elirale konpainiak haurrentzat egiten duen proposamen interesgarria.

Horretaz gain, Rakel Gonzalez Libututegiko arduradunak azaldu duenez, "publikoaren harrera oso ona itzaten duten ipuin kontaketak urtarriletik ekainera bitartean izango dira”. Emakumeen euskal literatura ikuspegi feministatik mintegiak -Kattalin Minerrek gidatua- ere jarraipena izango du, “iazko arrakasta ikustia”. . Guztira, sei saio izango dira ( Karmele Jaio, Arantxa Urretabizkaia, Miren Amuriza, Mari Luz Esteban, Miren Agur Meabe eta Ana Malagon). Parte hartu nahi duenak aurretik izena eman behar du.

“Buyan. Heriotzaren uhartea” Martin eta Xabier Etxeberria anaiek idatzi eta Aritz Trueba ilustratutako komikiari buruzko solasaldia ere nabarmendu du Gonzalezek. Solasaldian egile guztiak izango dira, gainera.

Koro Etxeberria Kultura zinegotziak, bestalde, euskal zinearen eskaintza aletu du. Iaz sortu zen atal hau, “euskal zinearen ekoizpenak gurean leku bat merezi zuela iruditzen zitzaigulako, eta oraingoan ere eutsi diogu zine kritiko, politiko-sozial kutsua duten lan hauei bozgorailua ematen dien atal honi”.

Musika atalean, Hezurbeltzak Jon Maia Soriak dakarren proposamena izango dugu Biterin. “Ez da musika soila, bazterketa soziala eta migrazioaren gaiak ere lantzen baititu”, esan du Nagore Irastortza Kultura teknikariak. Biteritik kanpoko emanaldi bat ere izango da: Oreka TX ezagunarena. Atsegindegin izango da maiatzaren 16an, Sagardoaren Uzta Berriaren aurkezpen egunean.

Antzerkiari dagokionez, haurrek izango dute protegonismoa, “hilean behin haurrentzako proposamen bat daukagu, adin guztiak kontuan hartuta”, argitu du Irastortzak. Txikienentzako emanaldi berezi bat prestatu du Kultura Sailak “Loo”, “oholtza itsaso bihurtuko dute eta publikoa ere itsasontzian bertan eogngo dira”, aurreratu du.

Nahastekak atalean, emakume saregileak protagonistak dituen “Sareak” Organik dantza -antzerkia izango dugu proposamen berritzaile gisa.

Horretaz gain, 9 erakusketa hartuko ditu Biterik hilabete hauetan. Euskal Memoriak antolatutakoa eta Langile ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko erakusketa daude horien artean. Eta aurten, lehen aldiz, erakusketak antolatzeko garaian, Udalak gonbidapen zehatza egin dio artista bati, Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrari, hain zuzen ere.

Egitarauaren eskuorria