Noticias
Atrás

Libguneak, irakurzaletasuna auzoetan sustatzeko espazio askeak

Liburuak ohiko espazio itxietatik atera eta kanpoaldean, aire librean, irakurtzeko aukera zabaltzea da Libguneen helburu nagusia. “Erabilera librekoa izango da, askatasuna eta konfiantza osoz utziko ditugu liburuak herritarren esku”, azaldu du Rakel Gonzalez Udal Liburutegiko arduradunak. Udalarekin batera, Juntura arkitektura estudioa eta Zikuñaga eta Zelabide auzo elkarteak ere aritu dira ekimen hau hezurmamitzen. Sagastialden (Carmen Adarraga parkearen ondoan) eta Zikuñagan jarri dira liburutegiak

21·05·2021


“Liburutegia auzoetara zabaltzea da asmoa, herritarrei zerbitzu eta aukera berri bat ematea, irakurzaletasuna sustatzea eta zabaltzea, alegia, baina hortik haratago doa espazio hauen erabilera”, esan du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak. “Proiektu honek auzoak hobetzen ditu, kultura, kasu honetan, liburuak, edonoren eskura jarrita. Auzotarrei aukera berriak ematen dizkie eta apurtzen du ohiko liburutegi baten eredua, parkera, plazara, kalera hurbilduz”, erantsi du.

Zikuñagan eta Sagastialde auzoetan ipini dituzte Libguneak. Liburuen aukeraketa egiterakoan, “auzo bakoitzaren demografia kontuan hartu dugu, batez ere hizkuntzei dagokienez”, azaldu du Rakel Gonzalezek. “Inolaz ere ez dugu nahi izan libguneak liburuen soberakinen biltegia izatea. Maiztasunez berrituko dugu eskaintza”, adierazi du. Liburuak bertan irakur daitezke edo etxera eraman.

Liburutegien kudeaketa auzo elkarteen esku geldituko da; Zelabide Sagastialdeko auzo elkartearena eta Zikuñagakoaren esku, alegia. “Ekimen honen filosofiarekin erabat ados gaude eta guk hartuko dugu irekitzeko eta zaintzeko ardura”, nabarmendu du Juankar Tobar Zelabide elkarteko ordezkariak.

Juntura arkitektuen kooperatibak diseinatu ditu libguneak. Gorka Segurola eta Edurne Izagirre arkitektuek azaldu dutenez, “liburuaren forma du egiturak, ireki daitekeena eta barruan istorioak dituen espazioa bihurtzeko”, adierazi dute. Erabilera anitza duten osagaiak ditu. Egurrezko kutxak, adibidez, liburuen gordelekuak dira, baina, aldi berean, zabalik dagoenean esertzeko ere balio dute, edo bata bestearen gainean jartzeko.