Noticias
Atrás

Negua kulturaren epelean igarotzeko egitarau oparoa

Kultura Sailak arte eszenikoen inguruan datozen hilabeteotarako prestatutako egitaraua aletu dute gaur sail horretako arduradunek. Aipagarriak dira Biterik hartuko dituen estreinaldiak: martxoaren 4an, Denak ez ziren Indiano -Bitartean folk taldearen eta Ttarla dantza taldeak sortutako ikuskizuna-. Apirilaren 15ean etorriko zaigu hurrengo estreinaldia, nahastekak atalean kokatutako Amua ikuskizuna.

12·01·2021


Beste berritasun bat da Nøgen taldearen bigarren emanaldia. “Otsailaren 12an egingo dugu beste kontzertu bat, 13koarentzako sarrerak salgai jarri eta minutu batzuetan agortu zirelako”, azaldu du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak. Bihar 9:00etan jarriko dira sarrerak salgai, interneten zein Biteriko lehiatilan.

Izan ere, kulturaren inguruko albisteak, agenda eta bestelako informazioa jasotzeko zein sarrerak erosteko kultura.hernani.eus webgunea ere martxan dago jadanik.

Horrekin batera, urtarriletik maiatzera bitartean beste hainbat emanaldi antolatu dira Biterin, baina pandemiak ikuskizunen baldintzetan ekar ditzakeen aldaketak direla eta, etxera iritsiko den eskuorriak soilik urtarrileko eta otsaileko egitaraua jasotzen du.

“Pandemia honek etengabe sortzen dizkigun zailtasunak zailtasun, gure apustua beti izan da eta izango da Hernanin kalitatezko kultur eskaintza bermatzea, eta datozkigun baldintzetara moldatzen saiatuko gara hori lortzeko”, esan du Etxeberriak.

Zinema zikloa
Horrela, datozen hilabeteotan, ohiko literatura, antzerkia, musika eta erakusketak ez ezik, oraingoan zine zikloa ere gozatu ahalko dute herritarrek. Kultura zinegotziak gaur azaldu duen moduan, “urtean behin Euskal Herrian ekoizten diren eta ohiko banaketa komertzialetik zabaltzen ez diren ekoizpenei aukera eman nahi izaten diegu. Orain arte egin ditugun edizioetan 3 egun jarraian antolatu izan dira; edizio honetan 3 asteetan banatu dira”.

  • Lehenengoa, urtarrilaren 21ean: 2 urte, 4 hilabete eta egun bat. Derrigorrezko zerbitzu millitarren kontrako mugimenduaren azterketa. Ondoren, Lander Garro zuzendariarekin solasaldia egiteko aukera izango da.
  • Bigarrena, urtarrilaren 28an: Arzak since 1897. Juan Mari Arzak sukaldaria eta jatetxearen ibilbidea erakutsiko digun filma. Asier Altunak zuzendua.
  • Hirugarrena, otsailaren 4an: Caminho longue.Sagarraren denbora filmeari jarraipena ematen dion pelikula. Alfonso Etxegarai deportatuak etxera itzultzeko bidea hartuko du Afrikako Sao Tome uhartetik eta horren inguruko kontakizuna da. Emanaldi honetan ere zuzendariarekin, Josu Martinezekin, solasteko aukera izango dugu.

Literatura solasaldiak
Rakel Gonzalez Liburutegiko arduradunak eman du literaturaren inguruan prestatutako emanaldi eta saioen berri. “Literatur solasaldiekin eta Emakumeen Euskal Literatura mintegiarekin aurrera jarraituko dugu”.

Mintegi batean data aldaketa bat dago. Kattalin Minerrek gidatu behar zuen mintegia bertan behera geldituko da, egileak ezin duelako etorri.

Solasaldiei dagokienez, Los Asquerosos (Santiago Lorenzo) urtarrilaren 13an izango da eta 19an, Erraiak (Danele Sarriugarte). Otsailaren 10ean, ostera, El inicio de la primavera (Penélope Fitzgerald) solasaldia egingo da eta 16an, Itzaro Bordaren Abaro poema liburuaren inguruan solastuko dira irakurzaleak. Borda Hernanira etortzeko gonbidatuta dago, baina pandemiaren ondorioz mugikortasunean ezarritako murrizketak direla eta, “ez dakigu etortzerik izango duen ala ez”, argitu du Gonzalezek.

Bestetik, “pandemia egoera dela eta, haurrentzako ipuin kontaketak, eta irakurketa klubak momentuz ez ditugu egingo”, erantsi du Liburutegiko arduradunak.

Antzerkia, musika eta erakusketak

Eskuorria urtarrila-otsaila
Egitaraua urtarrila-maiatza