Noticias
Atrás

Hernaniko komunitate osasuntsuagoa izateko herriak dituen aktiboak identifikatzeko prozesua, abian

Hernaniko ongizate eta osasun komunitarioa hobetzeko prozesu partehartzailea abian jarriko dute Hernaniko Udalak eta osasun zentroak elkarlanean. Prozesu horren helburua da, osasun eta ongizate komunitarioa indartzeko bidean, herriko osasun aktiboen mapa osatzea. Herritarrekin batera egin nahi den prozesua da eta, hortaz, apirilean eta maiatzean lau saio antolatu dira herritarren ekarpenak jasotzeko. Horren aurretik, apirilaren 13an, proiektuaren aurkezpen irekia egongo da.

30·03·2021


Hernaniko udal ordezkariak, herriko osasun zentrokoak eta Osasun Sailekoak elkartu dira gaur, Ave Maria parkean, ekimen berri baten inguruan. Helburu komuna: komunitatearen osasuna hobetzea herrian dauden aktiboez baliatuta. Jarduera fisikoaren inguruko eskaintza, bakardadeari aurre egiteko taldeak, aisialdi guneak... Osasun aktiboak zeintzuk diren eta nola erabil daitezkeen erabakiko da prozesu partehartzaile baten bidez.

Esti Aldeiturriaga zinegotziak azaldu duenez, "komunitate osasuntsuagoa izateko moduak identifikatzeko prozesua herritarrekin batera egin nahi dugu. Herritarrok badakigu zeintzuk diren gure beharrak eta lehentasunak, eta gai gara osasunerako mesedegarri zaiguna identifikatzeko eta gure komunitatearekin eta natura-ingurunearekin bat datorren bizitzeko modu bat eraikitzeko". Horrela izanik, "elkartu eta komunitate osasuntsuagoa egiteko modua identifikatu behar dugu. Horregatik, Hernaniko Udaletik, osasun zentroarekin eta Osasun Sailarekin batera, hainbat lan-saiotan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, elkarrekin pentsatu eta Hernani herri osasuntsuagoa eraikitzen jarraitzeko", erantsi du Aldeiturriagak.

Herriko osasun zentroko ordezkariek nabarmendu dutenez, "gure pazienteei parazetamola edo botika bat errezetatzea baino haien osasunerako onuragarriagoa izan daiteke herrian dituzten baliabideak erabiltzea". Horretarako, aurretik identifikatu behar dira eta baliabide horien mapa bat osatu.

Partehartze prozesuari dagokionez, 4 jardunaldi izango dira, apirilean eta maiatzean, eta herritarrek izena eman beharko dute bertan parte hartzeko (on line; izen emate orria beteta (Biteri kultur etxean); edo telefonoz 943 552185 (kiroldegian). Parte hartzea mugatua izango denez, plazak zozketatu egingo dira izena eman dutenen artean, aniztasun irizpideak kontuan hartuta. Udalak haur eta gazteen partaidetza bermatu nahian adin txikikoentzat plaza batzuk gordeko ditu.

Prozesua euskaraz bideratuko da, baina euskara ulertzen ez duten pertsonentzat aldibereko itzulpen zerbitzua jarriko da.

Ekintza osoaren eta lan-saioen edukia ondo ezagutu dezazun aurkezpen ekitaldi ireki bat egingo da, apirilaren 13an, 17:00etan, Biteri kultur etxean.