Noticias
Atrás

Otxandioko herri eskolak herriaren eta komunitatearen arteko harremanak sendotzea ardatza duen egitasmoak irabazi du I. Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka

Otxandioko (Bizkaia) herri eskolak egindako proposamenak irabazi du Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren lehen deialdia. 12.000 euroko beka da, eta irabazi duen proiektuak bi ikasturte izango ditu garatzeko.

24·11·2021


Hernaniko Udalak eta Hik Hasik elkarlanean sustatutako beka da Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka eta beka horrek bultzatzen dituen balioak hauexek dira: hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea eta herri hezitzailea eta inklusioa.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak horixe bera nabarmendu du, hain zuzen ere, Joxe Mari Auzmendik bere ibilbide oparoan zabaldu zituen balioekin guztiz bat egiten duela Hernanik eta horregatik sortu zela beka hau.

“Hamar proiektu jaso dira, batzuk ikuspegi nazionalekoak, besteak tokian tokiko proiektuak; elkarteenak, ikastetxeenak… Jasotako proiektuen izaerak erakutsi du hezkuntza komunitatea hobekuntza eta lanerako gogoz dagoela, eta beharra duela. Horrexegatik, gaurko eguna baliatu nahi dugu, berriz ere Hernaniko Udalari eskerrak emateko hain beharrezkoa den babesa emateagatik”, esan du Mikel Arrizabalaga Ezkurdia Hik Hasiko ordezkariak.

Epaiari dagokionez, "baso eskolari ateak irekiz, naturaren integrazioan eta, Haur Hezkuntzan ez ezik, Lehen Hezkuntzan ere berrikuntza pedagogikoan proposatzen den jauzi kualitatiboagatik eta batez ere eskolaren eta komunitatearen hurbilpenari begira proposatzen duen proiektu integralagatik, Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren epaimahaiak ebatzi du Otxandioko eskola dela Joxe Mari Auzmendi zenaren izpirituari ongien uztartzen zaion proiektua eta, beraz, bekaren aurreneko deialdiko irabazlea", erantsi du.

Honenbestez, "gaurtik aurrera, bi urteko lan prozesua zabalduko da eskolarekin, eredugarri eta ispilu izango dena herri hezitzaileen sareko herri eta ikastetxeentzat  eta, oro har, hezkuntza komunitate osoarentzat”, jakinarazi du Agirrezabalak.

Nagore Agirrebeitia Fontetxa Otxandioko herri eskolako zuzendariak “ilusioz” hartu du bekaren saria eta, egitasmoa haien eskolan martxan jarriko badute ere, Euskal Herriko beste edozein herritara zabaltzeko modukoa dela nabarmendu du.

Gorbeiako eta Urkiolako parke naturalen magalean dago Otxandio. Bertako herri eskolan 180 ikasle daude, gehienak herrikoak bertakoak. Urte askotan “eskolaren eta herriaren arteko elkarlana modu naturalean gertatu da. Otxandio oso herri bizia da, elkartegintzan, kulturan... eta harreman oso estuak egon dira beti eskolaren eta herriaren artean”, esan du Aloña Erauskin Barandiaran eskolako irakasleak.

Garai batean, ostera, “egonkortasunik ezaren ondorioz, arriskuan egon da harreman hori eta, orain, bekari esker, espero dugu herriaren eta eskolaren arteko zubi hori berreraikitzea espero dugu”, erantsi du Erauskinek.

Lur Olabarri Etxebarria eskolako aholkulariaren hitzetan, “eskolan, normalean, egunerokotasunean harrapatuta egoten gara, eta ez digu aukerarik ematen hausnartzeko. COVID-19ak sortutako krisi egoerak, ostera, pentsarazi zigun eta hausnarketa egitera behartu gintuen”. Krisiek maiz “proiektu berrien txinparta” pizten dutela gogorarazi du Olabarrik eta horren emaitza da, hain zuzen ere, Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza beka irabazi duen proiektua.

Ikasleek naturarekiko harremana berreskuratzea da egitasmo irabazlearen ardatza, herriarekin betidanik egon den elkarlana berreskuratzea, alegia. “Otxandioko basoak, pagadiak ikasteko eszenatoki bikaina dira”, iritzi dio Olabarrik. Horrekin batera, irakaskuntza “aktiboa” lantzea da eskolaren helburua. “Ikasleak herritarrak dira eta euskara, kultura, ingurumena, aniztasuna errespetatzen ikasten badute eskolan, etorkizunean ere zainduko dute hori”, esan du Olabarrik.