Noticias
Atrás

Sanjoanak iristeko, inoiz baino ilusio handiagoz

"Bi urteren ondoren jaiak egoera normal batean ospatzeko moduan izango gara eta hau oso pozgarria da. Musukoak lepoko zapiak jarriz ordezkatuko ditugu eta festa giroak kaleak hartuko ditu, alaitasunaz beteko ditugu herriko txoko eta bazterrak", adierazi du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak. Esaldi honek ondo baino hobeto erakusten du herrian somatzen den gogoa eta ilusioa. Sanjoanak, bi urteko hutsunearen ondoren, bueltan dauzkagu eta Jai Batzordeak mimo eta esfortzu handiz antolatu dituen ekitaldiez elkarren errespetuan gozatzeko deia nabarmendu dute. Gudarien plazan elkartu dira Jai Batzordeko kideak, Txosna Batzordekoak, Preludioko eta udal ordezkariak aurtengo egitarauaren nondik norakoak azaltzeko.

13·06·2022


"Aurtengo jaien berri emateko jai batzordea, txosna batzordea, preludioko taldea eta udala elkartu gara. Aurreko urteetako jaien antolakuntzan parte hartu izan duten talde guztiek (salbuespenen bat ezik) berriz ere ekin diote jaiak antolatzeari, eta nabarmendu nahi dugu horrek egiten duela posible esku artean dugun programa", esan du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak, sanjoanetako egitarauaren aurkezpenean.

Preludioa izaten da jaien iragarlea eta aurten ere horrela izango da. Ohikoa den bezala, bi preludio egongo dira; ostiralean, ekainaren 17an, musika eskola eta herriko ikastetxeek elkarlanean antolatu eta osatzen duten preludioa. Eta hurrengo egunean, 18an, 27 urte beteko dituen preludioa izango da. Aurtengo gonbidatua Incansables txaranga izango da. Pandemia garaian 50. urteurrena izan dute eta bi kantu joko dituzte. Preludioaren musika zuzendaria Xabier Zabala da; zuzendari artistikoa, ordea, Miren Gojenola, eta Preludioko batuta Roberto Pachecoren esku egongo da.

Ohikoa den beste ekitaldietako bat Chillida Lekun ospatzen den udako solstizioa da. Ekainaren 17an izango da eta Doos Colectivo dantza konpainiaren Gorp (huts) ikusteko aukera izango da. Udalak museoarekin duen hitzarmenari esker hernaniarrok sarrerak %50eko beherapenarekin erosteko aukera izango dugu, hau da, 10 eurotan. Biterin daude salgai.

"Jaietako egitaraua aurkeztu aurretik aurkezpen bat egingo dut: Nagore Ruiz de Arbulo sanjoanetako kartelaren irabazlea. Kartelak argia ikusteko 2 urte itxaron behar izan du. 2020ko lehiaketako irabazlea da, baina, bi urtez ohikoa sanjoanak egin ez direnez, aurtengoak iragarriko ditu", gogorarazi du Kultura zinegotziak.

"Jakina denez, sanjoanetako hasiera eta amaiera Mendiriz Mendi elkarteak eta Langile Ikastolako ordezkariek emango diote. Mendiriz Mendik 75 urte bete ditu mendizaletasuna eta zaletasun horren balore positiboak sustatzen, pausoz pauso, mendiz mendi, gailurrez gailur. Langile Ikastolak 50 urte bete zituen duela bi urte. Guraso talde batek, eskola eredu eta pedagogia berria baten aldeko apustua egin zuten eta 1970. urtean sortu zuten ikastola. Garai hartan, ikastolaren ibilbidea ez zen erraza izan, baina, ekinaren ekinez, emaitza ezin ederragoa izan dela esan daiteke", azaldu du Etxeberriak.

Egitarau zabala eta anitza

Egitarauaren jarduera eta ekimenetara joanez, programa zabala, anitza eta adin tarte guztientzat osatzen saiatu da jai batzordea. Jarduera gehienak urtez urte errepikatzen dira baina berrikuntzak ere badira eta batzuk honako hauexek dira:

Haurrek hainbeste maite dituzten erraldoiak eta buruhandiak ikusgarriak eta bereziak izango dira aurten. Herburu elkartea sortu dute neskek eta mutilek, eta bi erraldoi berri ere izango ditugu.

Goiz Eguzki jubilatuen elkarteak ere ekimen berri bat aurkeztuko du: hartubol kirol jarduera berria da, Euskal Herrian (Hernanin) eta Galizian bakarrik jokatzen da eta bien arteko partiduak antolatu dira jaietarako.

Loratuz lotu eta EGHAMek antolatuta Harrotasun aldarrikapen karroza izango da Zutik elektrotxarangarekin batera.

Musika ezin da falta sanjoanetan eta aukera zabala eta desberdinak daude. Kaleko ikuskizunei dagokienez, proposamen ugaria eta anitza ere badago.

Txosna batzordeak ere egitarau berezi bat prestatzen du festetarako.

"Ez da jarduera edo ekimen jakin bat baina oso inportantea, ezinbestekoa, da jaietan bereziki, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa", nabarmendu du Koro ETxeberriak. Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak eman du protokolo horren berri.

Aipagarria da programa braillez dagoela eskuragai, Biterin eta webgunean.

Feriak edo barrakak Karabel auzoan jarriko dira, aurreko jaietan bezala, eta kale saltzaileak, Urbieta kalean egongo dira.

Erasorik gabeko festak izan daitezen, errespetuz eta umore onez ospatu ditzagun!

Egitaraua