Noticias
Atrás

Sanjoanetan eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu dute Udalak eta zenbait herri eragilek

Hernaniko Udalak (Udaltzaingoa eta Berdintasun Arloa), txosna batzordeak, Koordinadora Feministak, tabernek eta Emagin Elkarte feministak eraso sexisten prebentzio, arreta eta erantzun publikorako protokoloa aurkeztu dute San Joan jaien atarian.

21·06·2022


ARGAZKIAREN EGILEA: KRONIKA

Baliabideak eta zerbitzuak

1. “Indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea” jarriko da Ezkiaga Pasealekuan. Gune honen helburua da herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea; arreta telefonoaren berri eman eta oro har informazioa ematea.

Udalak kontratatuta, Emaginek egingo du lan hau.

- Ekainak 23 18:00-22:00

- Ekainak 24 18:00-22:00

- Ekainak 25 11:30-14:30 / 18:00-22:00

2. Erasoen arretarako telefono espezifiko bat (688685164) jarriko da martxan jaiek irauten duten egunetarako (24 orduz).

Emagin elkartekoak kudeatuko dute telefonoa. Horren helburua da gertatzen diren erasoak jasotzea eta, laguntza behar den kasuetan, erasotuari arreta ematea . Hori ikuspegi feministaz egitea garrantzitsua da: alegia, ikuspegi ahalduntzailea izatea, ez berbiktimizatzailea.

Telefono zerbitzua ekainaren 23an, 18:00etan, jarriko da martxan eta ekainaren 28ko 8:00ak arte iraungo du.

3. Horretaz gain, txosnen artean ere erasoei erantzuteko eta balizko erasotzaileak txosnen eremutik kanporatzeko protokoloa adostu dugu.

"Espero dugu baliabideok baliagarriak izatea emakumeok jaiak askatasunez eta plazerez bizi ditzagun. Hori horrela izan dadin, batetik, gizonei dei egiten diegu lanketa serioa egin dezaten eguneroko jarrera matxistak alboratzeko. Bestetik, herritar guztiei mezu hau helarazi nahi diegu: emakume bat erasotua bada eta laguntza eskatzen badu, sinetsi eta ez jarri zalantzan bere hitza. Ez izan konplize!", adierazi dute.