Noticias
Atrás

Serena Miranda Furundarenak omenaldia jaso du bere mendeurrenean

1
Bizitza intentsoa izaten ari da Serena Miranda Furundarena. Bilbon jaioa, umea zela, Hernanira etorri zen bizitzera. Baina ama hil zitzaionean, neba-arrebak banatu zituzten eta berriro Bilbora itzuli zen. Gerra garaia bizitzea tokatu zitzaion, Santanderrera oinez ganadua saltzen aritu zen, Artxandan taberna batean lan egin zuen eta 1964an familiarekin batera berriro Hernanira etorri zen. 100 urte bete dituen egunean jaso du Serenak merezitako omenaldia.

09·06·2021


Hernaniko St. Maria Magdalena egoitzan bizi den Serena Miranda Furundarenari omenalditxo bat egin zaio gaur bere 100 urtebetetze egunean. Hernaniko alkate Xabier Lertxundik lore sorta oparitu dio udal osoaren izenean. Egoitzako langileak eta familiako zenbait kide -hiru belaunaldiko ordezkariak- ere gerturatu dira Serena zoriontzera.

Serena Bilbon jaio zen 1921eko ekainaren 9an eta urtebete zeukala etorri zen Hernanira. Hiru urte zituela ama hil zitzaion (laugarren seme-alaba erditzen ari zela). Haren ondorioz, Serena eta bere senideak banatu zituzten: senideetako bat morroi bidali zuten baserri batera, 7 urterekin, bi txikiak Astigarragako monjen egoitzara bidali zituzten eta Serena berriro Bilbora itzuli zen, Artxanda auzoko Santo Domingo baserrira, izeba baten etxera.

Gerra garaian ganadua oinez Santanderrera eramaten zuten, eta egun askoko bidaia zenez, bidean itsaso bazterretan lo egiten zuten. Baserrian bonbak erortzen zirenean zuloak egiten zituztela kontatu izan du Serenak.  

Artxandako taberna batean – Bar Miramar- lan egin izan zuen ezkondu zen arte.  33 urte zituen orduan eta Sondikara joan zen bizitzera. Seme zaharrena jaio zenean hilda zegoela esan zioten, baina Serenak beti pentsatu izan du lapurtu ziotela. Beste bi alaba ere izan zituen.  

Izeba -Serenarentzat ama balitz bezalakoa zen emakumea- gaixo jarri zenean Serena hura laguntzera joan zen. Izeba hil zenean Hernanira itzuli ziren, 1964. urtean; lehenengo Kardaberaz kalean bizi izan ziren (egungo Andre Kalea) eta ondoren Fagollagako baserri batera joan ziren.

Senarra hil zitzaionean, alaba batekin bizitzera joan zen. Harekin 8 urtez egon ondoren, beste alabaren etxean beste 18 urtez bizi izan zen, adinekoen egoitzara joan zen arte (Andoaingo egoitzan egon zen lehenengoz eta, Hernanin, ondoren).

 

1