Hernaniko auzoak
Herriko auzoak
Antziola
Antziola bizitegi-auzoa da gehien bat. Hernaniko irteeran dago, Donostiara bidean, Galarreta baino lehenago.
Elizatxo
Auzo hau Leoka garbitegian hasten da eta Portu auzoan bukatu, trenbidearen azpitik pasatzen den tunelean. Hemen dago Elizatxo ikastola. 500 auzotar inguru dira.
Epela
Hernanitik 4 km-ra dago, Goizuetarako bidean; Ereñozura heldu baino 2,5 km lehenago. Ereñozu baino auzo txikiagoa da, 125 auzotar inguru ditu. Auzo horretan dago kokatua Hernaniko industria kimikoa, nahiz auzoak baserri kutsari eusten dion.
Ereñotzu
2007ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, auzoak 403 biztanle ditu. Hernaniko herritik 6 km-ra dago, Goizuetarako bidean. 400 inguru pertsona bizi dira. Ereñotzuk herri txiki baten itxura du. XIX. mendean sortu zen, Urumea ibaiaren ondoan, Ereñotzu baserriaren eta ermita baten inguruan. Auzo honetako da Txirrita bertsolaria.
Etxeberri
70eko hamarkadan eraikitako etxebizitzaz osatua dago. Florida auzoaren alboan kokatua dago eta 800 auzokide inguru ditu.
Florida
Hernaniko auzo handienetakoa da. Alde Zaharra jarraituta, Urumea ibaiaren ezkerraldean kokatua dago, trenbidearen aldamenean. XIX. mendean, tren-geltokiarekin batera sortu zen auzoa. 50eko eta 80ko hamarkaden artean asko hazi zen eta poliki-poliki Hernaniko Alde Zaharrarekin bat egitera iritsi zen. Gaur egun, industriagune eta bizileku da. 1.000 biztanle inguru ditu.
Jauregi
Hernaniren ipar-ekialdean kokatua dago, Donostiarekin mugakide. Hernaniko gainerako urek ez bezala, Jauregiko urak ez dira Urumea ibaira isurtzen; zuzenean itsasoratzen dira. Chillida-Leku museoa dagoen Zabalaga baserria auzo honetan dago. 160 biztanle inguru ditu.
Karabel
Auzo hau Hernaniko sarreran dago. Astigarragatik datorren sarreratik sartuta, trenbidearen gainetik pasatzen det zubiaren ezkerraldean. Bertan dauka trenak geltokia.
Karobieta
Elkano kalearen eta Marieluts auzoaren artean kokatua dago. Bere gune nagusiak Atxegindegi plaza estalia eta Langile Ikastola dira.
Latsunbe
Alde Zaharraren eta Sorgintxulo auzoaren artean kokatuta dago. Aintzina, baserriak eta ubide bat (gaur egun kanalizatua eta lurperatua) zeuden bertan, baita ikuztegia ere. XX. mendean eraiki ziren etxeek "Txaleten auzoa" izena eman zioten, baina 80ko hamarkadan bertako toponimia berreskuratu zen. Berriki eraiki diren etxebizitzek auzo berria sortu dute (Latsunbe Berri). Bertako auzotar ezagunena Gabriel Celaya poeta da, gaur egun Ertzaintza dagoen lekuan zegoen baserri batean jaioa.
Lizeaga
Auzune hau udaletxearen atzealdean dago. Langileentzako auzo bezala sortua, hor daude besteak beste zaharren egoitza eta Gaymur ikastola. Ansorenatar txistulari familiaren jaiotetxea ere hemen dago.
Martindegi
Hernaniren ipar-ekialdean dago, Astigarragarekin mugan. Inguru horietan sagardotegi bat baino gehiago dago. 2007ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, auzoak 142 biztanle ditu.
Osinaga
Sakanabatutako baserriz osatutako auzoa. 2007ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, auzoak 211 biztanle ditu. Hernaniko sagardotegi asko hemen daude.
Pagoaga
Sakanabatutako baserriz osatutako auzoa. 2007ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, auzoak 61 biztanle ditu.
Portu
Garai batean Hernaniko baso eta burdinoletatik egurra, ikatza eta burdina ateraten zen, eta Donostiara eramateko era bakarra, egungo Portu auzotik igarotzen ziren gabarrak ziren. Elizatxo eta Osinaga auzoen artean dago.
Sagastalde / Sagastialdeberri
Zinkoeneatik Galarretara bidean bukaeran eskubi aldera dagoen auzunea da. Atletismo pistaren inguruan. Baserri zahar gutxi batzuk daude, gehienak etxebizitza berriak dira.
Sagastialde auzoaren zabalgunea da, atletismo pistaren bestaldean eraikitako etxe berriek osatzen dute.
Santa Barbara
Santa Barbara mendiaren magalean dauden etxe bakarti eta baserri sakabanatuz osatua. Auzo honetan daude Santa Barbara gotorlekua eta baseliza. Urnieta-Donostia bideak bereizten du Hernaniko gainerako auzoetatik 2007ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, auzoak 812 biztanle ditu.
Sorgintxulo
2007ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, auzoak 247 biztanle ditu.
Zikuñaga
Hernaniko patroia zen izen bereko amabirgina zuen ermita zegoen bertan. Amabirginaren irudia 70eko hamarkadan ostu zuten. Auzoa 60ko hamarkadan handitu zen, industrializazio garaiko etorkin-langileekin. Auzoa izen bereko paper-fabrikaren itzalpean dago. 2007ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, auzoak 742 biztanle ditu.