Berriak

Atzealdea ‘Egurra’ egitasmo pilotua jarri du martxan Udalak, hernaniarrek soberan dituzten baina egoera onean dauden altzariei bigarren bizitza emateko

Batuz gizarte fundazioaren bidez emango da zerbitzua eta haien denden sarearen bidez jarriko dira eskuragarri

2026·09·09


Irailaren 15etik aurrera, Hernaniko Udalak altzari-bilketa zerbitzu berri bat eskainiko du, Batuz Gizarte Fundazioarekin elkarlanean: EGURRA. Berrerabiltzeko moduan dauden altzariei bigarren bizitza ematea izango da egitasmo pilotu honen helburua. 

Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "zerbitzu berri honen helburu nagusia berrerabiltzeko moduan dauden altzariei bigarren bizitza ematea da, eta herritarrek kontzientzia hartzea euren etxeetan dituzten altzariek izan dezaketela bigarren bizitza bat". 

Egitasmo berri hau "Hernaniko Udalaren zero zabor politiketan" txertatu du Atorrasagastik. "Gure helburua geroz eta hondakin gutxiagoa sortzea da. Horregatik, Egurra proiektu hau indarrean ditugun bestelako egitasmoan osagarri da, Trukehernani.eus edo garbigunearekin dugun lankidetza, adibidez. Gainera, hau guztia ekonomia sozialean eragiteko modu bat ere izan daiteke".

Hondakinen Bulegora deitu eta etxean jasoko dira altzariak, asteartetan

Esan bezala, EGURRA berrerabiltzeko moduan dauden baina hernaniarrek etxean soberan dituzten altzariak ateratzeko zerbitzua izango da. Astean behin (asteartetan), jasoko ditu berrerabiltzeko moduan dauden altzariak Batuz Gizarte Fundazioak Hernaniko etxeetan, doan. 

Horretarako, aldez aurretik udaletxeko Hondakinen Bulegora deitu beharko da (943 33 70 00). Egoera onean dauden altzariak, etxetresna txikiak eta berrerabili daitezkeen bestelako objektuak (oheak, mahaiak, sofak, koltxoiak, aulkiak, idazmahaiak...) jasoko ditu EGURRA zerbitzuak. 

Batuz Gizarte Fundazioak jasoko dituen altzariak Urnietako euren biltegira eramango ditu. Handik, Batuz Gizarte Fundazioak Gipuzkoan dituen dendetan jarriko dira eskuragarri (Hernaniko dendak izango du lehentasuna). Aitziber Zubillaga Batuz Gizarte Fundazioko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "uste dugu proiektu pilotu hau aukera bikaina dela altzarien berrerabilera sustatzeko eta gizarte-inklusiorako aukera berriak sortzeko".

"Jasotzen ditugun altzariak Urnietan dugun zentroan tratatuko dira eta horietako asko Hernaniko dendan jarriko dira eskuragarri, zirkularitatea eta inklusioa sustatuz". Zubillagak EGURRA "elkarlan eta ekimen zabalago" baten baitan kokatu du. Hernaniko Udalarekin eta eskualdeko eragileekin elkarlana azpimarratu du, "aukera emango digulako Hernaniko topagunean beste hainbat ekimen bultzatzeko eta, altzarien tratamenduarekin lotutako prestakuntza-ekintzak eta udalerriko inklusioaren diagnostikoa garatzeko".

Egitasmo pilotuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuaren laguntza ere badu. Momentuz, hiru hilabeteko proba izango da (abenduaren 15a arte). 

Bai Atorrasagastik eta baita Zubillagak hernaniarrak "animatu" dituzte "egoera onean dituzten altzariei bigarren bizitza ematera". 

"EGURRAren helburua altzariek bigarren bizitza hori izan dezaten erraztasunak ematea" dela baieztatu du Ainara Atorrasagasti zinegotziak.  

Ostegunetako altzari bilketarekin ere jarraituko du Udalak

Bigarren bizitza edukitzeko moduan ez dauden altzariak biltzen ere jarraituko du Hernaniko Udalak, orain arte bezala. 

Horretarako, gogorarazi nahi dugu derrigorrezkoa dela aldez aurretik udaletxeko Hondakinen Bulegora deitzea (943 33 70 00). "Garrantzitsua da aldez aurretik deitzea, hondakinak egoki kudeatu ahal izateko eta elkarbizitzaren izenean", azpimarratu du Atorrasagasti zinegotziak. 

Altzari bilketa hau ostegunetan jarraituko da egiten.