“Gasaren kontratua merkatu librean duena gutxienez kopuru bikoitza ordaintzen ari da”
2023·02·01
Fermin Arruabarrena Energiaren Udal Bulegoko arduraduna da. Haren esanetan, azkenaldian gero eta herritar gehiago bulegora gerturatzen ari dira fakturetan igoera ikaragarria izan dutelako. “Ez da beldurtzeagatik, baina ikusten ari naizen faktura batzuk 600 eurokoak dira eta herritar askok (bi hilabeteko fakturazioa dutenek) otsaileko fakturan ezuste galantak izango dituztela aurreikusten dugu”, ohartarazi du.
Negu bete-betean gaudela, berogailua inoiz baino denbora luzeagoan dugu piztuta eta horrek areagotu du kontsumoa. Horrek faktura guztietan izango du eragina baina “gasaren kontratua merkatu arautuan daudenek askoz gutxiago nabarituko dute eta merkatu librean daudenek, ordea, izugarri nabarituko dute”, esan du Enherkomeko kideak.
Espainiako Gobernuak gasaren prezioari jarritako muga soilik merkatu arautuan du eragina. “Ideia bat egiteko, merkatu arautuan kW-ren prezioa gutxi gora behera 0,07 euro baldin bada, merkatu librean 0,30 eurokoa ere izan daiteke. Biderkatzen badugu hori 1.000 kw-ko kontsumo batekin, alde ikaragarria izan daiteke (lau aldiz garestiagoa)”. Faktura zehatz bat hartu eta 365 euro ordaindu duen herritar batek (merkatu librean), tarifa arautura pasatu ondoren, 150 euroko aurrezpena lortu du.
Egoera larria da kasu batzuetan, familia askok ezingo dutelako faktura ordaindu edo, faktura horiek ordaintzeko moduan ez dagoela ikusita, berogailua ez jarri eta hotza pasatzera behartu dezakeelako. “Herritarrak oraindik garaiz daude egoera zuzentzeko. Oraindik negua luzera doa”, adierazi du Arruabarrenak. Herritarrak animatzen ditugu energiako kontratuak begiratzeko, merkatu arautuan dauden egiaztatzeko.
Hernaniko webgunean badaude faktura interpretatzeko gakoak, (elektrizitatea eta gasa) eta bertan jartzen du zeintzuk diren merkatu arautuan dauden enpresak (lau dira gasaren hornikuntzan).
Merkatu librean daudenei gomendatzen zaie aldatzeko. Telefonoz norberak egin dezake (merkatu arautuan dauden lau enpresetako batera deituta) baina laguntza behar dutenek Energia Bulegora deitu eta zita eska dezake.
“Energiaren enpresa handiak izugarrizko gehiegikeriak egiten ari dira. Oinarrizko eskubidea den energiaren prezioak igotzen ari dira milioietako etekinak lortzeko eta, beti bezala, herritarrok pairatzen ditugu ondorioak”, esan du Mattin Aldaia Energia Arloko zinegotziak.
Gogoratzekoa da Energiaren Udal Bulegoak bi hilabete daramatzala irekita. Udalak Enherkom kooperatiba kontratatu zuen zerbitzu hori emateko. Horren helburua da herritarren energiaren arloan aholkularitza ematea. Hernaniko Energiaren Udal Planaren barruan jasota dago bulegoa irekitzea, energia berriztagarriak eta kontsumoaren murrizketa sustatzeko xedez. Dena dela, energiaren prezioaren etengabeko igoerekin gertatzen ari dena aintzat hartuta, zerbitzuak artatzen dituen herritarren %90 fakturekin lotuta dago.
Bulegoaren datuak
Bulegoa ireki zela (azaroan) bi hilabete igaro dira. Lehen hilabetean bi egunetan egon zen zabalik (goizez eta arratsaldez). Herritarren interesa ikusita, zerbitzua zabaltzea erabaki zuen Udalak eta asteazken arratsaldera ere zabaldu zen. Orduz geroztik 125 herritar artatu dituzte bulegoan. Fakturekin loturako kontsultak dira gehienak (%90) eta etxebizitzen isolamenduari buruzko kontsultak eta energia berriztagarrien komunitatearekin lotutakoak %10 dira.