Berriak
Atzealdea ‘Gure etxean zaude. Zaindu’, Astigarragara eta Hernanira txotx denboraldian bisitan datozenei eskaera
2025·01·29
Euskal Herriko edozein pertsonari galdetuz gero zein diren sagardo herriak Euskal Herrian, ia ziur Hernani eta Astigarraga agertuko lirateke aipatutakoen artean. Sagardoa gure herrien nortasunaren parte garrantzitsua da, eta ekonomikoki zein kulturalki pisu handia dauka.
Astigarragan eta Hernanin sagardoak eta sagardogintzak duten garrantzia hori aintzat hartzeko modukoa iruditzen zaigu, ez bakarrik historian zehar izandako pisuagatik, baizik eta gaur egun ere daukan itzalagatik. Txotx garaia, zalantzarik gabe, garrantzi horren erakusleiho bat da. Oihartzun handia dauka, hemen eta hemendik kanpo. "Jendearentzat erakargarriak dira sagardoa eta sagardotegia, eta, hori, zeresanik ez, positiboa da gure ustez", adierazi dute Hernani eta Astigarragako udal ordezkariek txotx garaiaren inguruan martxan jarriko duten kanpainaren aurkezpen ekitaldian.
Bertan izan dira Xabier Lertxundi eta Xabier Urdangarin Hernani eta Astigarragako alkateak, hurrenez hurren; eta Itsaso Lekuona eta Ainara Vazquez bi herrietako Berdintasun zinegotziak.
Adierazi dutenez, "azken urteetan, bisitari kopuru handia jasotzen dugu gure herrietan txotx denboraldian zehar eta horrek, hainbat ondorio, ez denak positiboak, dakartza". Hori dela eta, Astigarragako eta Hernaniko udalok aurten ere bat egin dugu kanpaina bateratua egiteko. Gure etxean zaude, zaindu! da aurtengo kanpainaren leloa, eta horrekin adierazi nahi dugu bisitariei ongietorria ematen diegula, baina herria eta herritarrak zaindu eta errespetuzko jarrerak izatea eskatzen diegula. Lanpas bat erabiltzen du kanpainak irudi gisa, etxe batera sartzen denak aurkitu ohi duen elementu bat delako, herrietako sarrerako atearen metafora gisa.
Arduratsu izateko deia
Aurtengo mezuak arduratsu izateko deia egiten du, baina zaintza hitza erabiliz. Eskaera bat da, etxera ongietorria ematen dizun norbaitek egina. Herritarren ahotsa da, lehen pertsonan. Zuzenean esaldiaren subjektu bihurtzen ditu herritarrak. Oso hitz gutxitan jartzen ditu mahai gainean elkarbizitza arazoa eta ardura pertsonalerako deia.
Kanpainaren mezuarekin bat egin du Sagardogileen Elkarteak, eta lelo hau duten lanpasak sagardotegien atarian ere jartzeko prestasuna adierazi dute.
Esan bezala, beraz, zaintza da aurtengo mezuaren oinarria: dei bat datozenei, zaindu ditzatela herriak, zaindu ditzatela bertako kaleak eta bertan bizi den jendea. Errespetuz joka dezatela. Adierazi nahi dugu ez dugula jarrera matxistarik ez arrazistarik onartuko, ezta orokorrean herritarren elkarbizitzaren aurkakoak direnik ere; eta horien aurkako protokoloa martxan izango dugula. Sexu erasoen aurkako telefono arreta koordinatua izango dugu martxan bi herriok, eta, Astigarragaren kasuan sexu erasoen aurkako arreta presentziala ere eskainiko da. Edozein motatako erasoren bat jaso duenak jakin dezala gure lehentasuna dela babestea eta laguntza osoa eskaintzea.
Esana dugu lehenago ere, gaur egun txotx garaia antolatuta dagoen moduan -urte sasoi zehatz eta labur batean biltzen du bisitarien kopuru handiena – desoreka eta kudeaketa arazo handiak sortzen dizkigu Hernaniri eta Astigarragari, eta bertako herritarrek sentsazioa dute otsail erditik apiril erdi edo bukaerara arte, larunbatero, euren herrietatik kanporatzen dituztela, tokirik gabe geratzen direla. Bisitarien etorrera handi horrek, jakina, diru partida handiak ere eskatzen dizkigu ohiko zerbitzuak mantentzeko, garbitasuna, garraioa eta abar... Horri aurre egin nahian ari gara lanean.
Esate baterako, bi alkateak beste erakundeekin eta sagardogileen sektorearekin bildu gara eta harremanetan daude, besteak beste, masifikazioak herrietan sortzen dituen arazoei irtenbidea bilatu nahian.
Sagardoaren kultura balioan jarri nahi dugu, baina urte osoan, ez bakarrik txotx garaian, eta horrek, ezinbestean, desestazionalizazio bat eskatzen du. Horregatik, urteak dira sagardoaren munduari prestigioa ematen ari garela bi udalak. Egun indarrean dagoen larunbatetako eredu hau ez da jasangarria, eta aldaketak eskatzen ditu. Horretan ari gara, herri bakoitza bere modura eta bere foroetan, eta estrategia horretan lagun dezaketen eragile guztiekin elkarlanean.