Berriak
Atzealdea ‘Gure lurra, gure jatekoa’, elikadura burujabetza izango du ardatz aurtengo Merkataritza Festak
2025·09·02
Aurtengo Merkataritza Festak elikadura burujabetza izango du ardatz. Irailaren 9tik 12ra tailerrak, mahai-inguruak, bertako produktuen azoka, kale animazioa eta bertako produktuen pintxo-potea izango dira herriko kale eta establezimenduetan.
Gure lurra, gure jatekoa izango da aurtengo Merkataritza Festaren leloa, eta Hernaniko Merkataritza Mahaia (Udalak, Berriak elkarteak eta Ekhilurrek osatua) eta Hernani Burujabeko Elikadura Mahaia (Udalak, HENASEk, Herrilurrek eta Bertatik-ek osatua) elkarlanean ariko dira.
Aurkezpenean, Patxi Ibarguren Merkataritza eta Tokiko Garapeneko zinegotzia; Nagore Alvarez, Berriak elkarteko lehendakaria; Alex Lopez, Ekhilurreko dinamizatzailea eta Oihana Aristegi, Hernani Burujabeko Elikadura Mahaiko kidea izan dira.
“Hernaniko eta inguruko herritarrak gonbidatu nahi ditugu antolatu ditugun ekintzetan parte hartzera. Tokiko merkataritza zaintzen badugu, denok irabazten baitugu”.
Merkataritza Mahaiaren eta Elikadura Mahaiaren arteko lankidetza, “eragileen sarea indartzeko, proiektuak ezagutarazteko eta eragileen lana balioan jartzeko ona”
Patxi Ibarguren zinegotziak kokatu du aurtengo gaia: “Aurtengoa bigarren Merkataritza Festa tematikoa izango da. Hernani Burujabeko Elikadura Mahaitik proposamena jaso genuen eta ilusioz hartu dugu elkarrekin lan egiteko ideia”.
Ibargurenek dionez, “lankidetzan aritzea beti ondo dago. Festa honekin eragileen sarea indartzen dugu, proiektuak ezagutarazten ditugu eta sektoreko eragileek egindako lana balioan jartzen dugu jendaurrean. Aurtengo kasuan, elikadura eta lehenengo sektorea erdigunean jarri eta azken urteetan eremu horretan Hernanin ematen ari garen pausoak erakusteko balioko du”.
Nagore Alvarez Berriak elkarteko lehendakariak adierazi duenez, “Merkataritza Festa bezalako ekimenek gure negozioei ikusgarritasuna emateaz gain gure komunitatearekiko lotura indartzen dute: merkataritza txikia ez da salmenta-gune hutsa, herriko eguneroko bizitzaren parte gara. Hernanik nortasuna, kaleko bizitza eta harreman pertsonalak izaten jarrai dezan laguntzen dugu”.
Berriak-etik adierazi dutenez, 67 establezimenduk parte hartuko dute era aktiboan aurtengo Merkataritza Festan.
Hausnarketarako tartea, elikadura burujabetzari buruzko mahai-inguruan
Hernani Burujabeko Elikadura Mahaiaren izenean Oihana Aristegik hartu du hitza. “Merkataritza Festa honetan erakutsi nahi dugu herrian bertan ekoitzi, eraldatu, saldu eta kontsumitzen diren produktuak baditugula”. Aristegik azaldu du lehen sektorea indartu, balio kate osoa bertan landu eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzea direla Elikadura Mahaiaren helburu nagusiak. “Gainera, elikadura katean formakuntza sustatu eta lanpostuak sortu ditugu”.
Hernani Burujabeko Elikadura Mahaia Udalak, nekazal ekoizleek (HENASE), kontsumo elkarteak (Herrilur) eta, eraldaketa eta gizarteratze eragileek (Bertatik Elikatuz) osatzen dute. “Sare sendoa” dela baieztatu du Aristegik.
Mahai-ingurua ere burujabetzarekin erabat lotua izango da. Gure lurra, gure jatekoa. Elikadura burujabetzaruntz izenburupean, Uxue Amonarriz Perrapa baserriko ekoizlea, Alazne Intxauspe Etxalde mugimenduko kide eta ekoizlea, Beñat San Sebastian Errioguardako sukaldaria eta, Amanda Verrone ekintzaile ekofeminista eta Nekazaritza eta Ingurumen zuzenbideko ikertzailea ariko dira solasean. Aritz Ganboa artzain eta ekintzaileak moderatuko du saioa. Irailaren 11n, osteguna, Sandiusterrin izango da.
“Jendea gonbidatuko nuke pentsatzera ea zer kontsumitzen dugun, non erosten dugun eta herriko ekoizleen lanaren garrantziaren inguruan”, gaineratu du Patxi Ibarguren zinegotziak.
Ostirala, Merkataritza Festaren egun handia
Egun garrantzitsuena hilaren 12a, ostirala, izango da. Gainera, Hartu kalea! ostirala ere izango da: Kaxkoa trafikoarentzako itxita egongo da 10etatik aurrera. Egun horretan, herriko establezimenduek euren produktuak kalera atera eta ingurua apainduko dute.
Bertako produktuen azoka Plaza Berrian izango da. 17 postu egongo dira: eztia (Aikur eta Ibai Ormaetxea), esnekiak (Larreta), gaztak (Behieko eta Berbelar), pasta (Zituene), sagarrak (Iradi), haragia (Perrapa), barazkiak (Arriatzu, Herrilur eta Nekazal Eskola), kontserbak (OnEin), izozkiak (Leizuri), belardenda (Goxo), liburuak (Argia; Jakoba Errekondo bertan egongo da.) eta Hernani Burujaberen informazio puntua.
Egun horretan, Urbieta kaleko oinezkoen gunean Zigor Iturrieta sukaldariaren showcooking saioa ikusteko aukera izango da. Arratsaldean, tailerrak izango dira Urbieta kaleko gune horretan: askari osasuntsuak Elikuren eskutik (familientzat) eta sagar dastaketa, Zabalo-enea baserriko Manuel eta Maddi Iradirekin. Kuia kafean ere kafeari onena ateratzeko In kafea zure etxean tailerra izango da.
Tailerrak bukatutakoan, Mogumborekin kale animazioa izango da Kaxkoko kaleetan eta bertako produktuekin pintxo-potea egiteko aukera ere izango da zortzi tabernatan: Andrekale 21; Aralar; Atxur; Ekos; Goiz Eguzki; Haida; Harresi eta Joxe Mari.
Hobariak eta tailerrak
Merkataritza Festako ostiralean, izena eman duten establezimenduetan %5 eta %3ko hobaria izango dute Ekhilurrekin ordaintzen duten erosleek.
Horiez gain, hitzaldi eta tailerretan parte hartzen duten herritarrek oparitxoa izango dutela ere iragarri dute.
Izan ere, ostiralekoez gain, beste bi tailer izango dira: elikadura jasangarriari buruzkoa Goxo belardendaren eskutik eta fruta-kontserba begetalen tailer praktikoa, OnEin Kontserbak-en eskutik. Tailer hau Bertatik Elikatuz-en egoitzan egingo da eta aurretik, Bertatik Elikatuz ezagutzeko bisita gidatua izango da.
Tailer hauetan eta Kuiakoan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da.
Iñigo Diez fruta-dendari eta Berriak-i egindako ekarpenarengatik, Tomas de Diego eta Dami Morianari omenaldia
Merkataritza Festa urtero baliatzen da Hernaniko merkatari eta ostalariei aitortza egiteko. Horregatik, aurtengoan ere izango dira omenaldiak. Iñigo Diez fruta-denda izango da omenduetako bat, 75 urte bete baititu establezimenduak.
Horiez gain, Berriak elkartearen ibilbidean funtsezkoak izan diren bi lagun omenduko dira: Tomas de Diego eta eta Dami Moriana. Antziola okindegiko arduradun De Diego 15 urte baino gehiagoz izan da Berriak elkarteko presidentea. Hoki lenceria dendako Moriana, berriz, elkartearen sortzaileetakoa izan zen eta batzordean urte luzez lanean aritu da.

