Berriak

Atzealdea ‘Hartu kalea!’, Kaxkoan oinezkoen mugikortasuna eta merkataritzako esperientzia hobetzeko ekimena antolatu dute Udalak eta Berriak elkarteak

Hilean ostiral batez trafiko motorduna etengo da Kaxkoan; ekainaren 6a izango da lehenengo eguna

2025·05·26


Hernaniko Udalak eta Berriak merkatari eta ostalarien elkarteak Hartu kalea! egitasmoa aurkeztu dute gaur. Oinezkoen mugikortasuna eta merkataritzako esperientzia hobetzeko asmoarekin, ekainetik abendura hilean ostiral batez goizeko 10etatik aurrera zirkulazio motordunik gabekoak izango dira Kaxkoko kaleak, soilik oinezkoentzako. Ekainaren 6a izango da gisa horretako lehenengo ostirala.

Gaur, egitasmoaren xehetasunak eman dituzte Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak eta Nagore Alvarez Berriak merkatari eta ostalarien elkarteko lehendakariak.

Patxi Ibarguren zinegotziak adierazi duenez, “bertako merkataritza txikia sustatzea udal honentzako lehentasunezko ildoetako bat da, uste baitugu gure herriarentzako eta herritarrentzako eredurik onena dela”. Azaldu duenez, “horretarako, merkataritza jarduera modu integralean aztertu behar da: merkataritza jarduera, hirigintza eta giza-harremanak kontuan hartuz”.

Nagore Alvarezek, Berriak-eko lehendakariak, Udala eta Berriak elkartearen elkarlana azpimarratu du. “Egitasmo honen helburu nagusia Hernaniko gune komertzial nagusia den Kaxkoko bizitza eta jarduera komertziala aktibatzea da, aldi berean eta horretarako, herritarren mugikortasuna eta segurtasuna hobetuz”.

Ekainetik abendura, hilero ostiral batez

Hartu kalea! egitasmo pilotua da. Momentuz, ekainetik abendura, hilero ostiral batez itxiko da Kaxkoa trafikoarentzako goizeko 10etatik aurrera. Oinezkoentzako eremuak izango dira.

Ibarguren zinegotziak azaldu duenez, “hainbat ikerketek diote guneak oinezkoentzako bihurtzeak ondorio positiboak dituela merkataritza txikian”. Zerrendatu egin ditu nola gertatzen diren hobekuntza horiek: oinezkoen kaleek bisitariak erakartzen dituzte; eremuaren inguruko pertzepzioa hobetzen da eta kontsumoa birbanatzen da. “Herritarren erosketa-ohiturak aztertuta, konturatu gara erosketak egitea egunerokotasuneko beste zenbait ekintzekin tartekatzen dituztela herritarrek: haurrak eskolara eramatea, paseatzea, kultur jarduerez gozatzea...”. Hori dela eta, Hernaniko Udalaren Merkataritza sailaren arduradun politikoa den Ibargurenek argi du: “Erosketa-esperientzia bere osotasunean ulertu eta sistema bezala lantzea beharrezkoa da herriguneko merkataritza txikiaren sustapena egiteko”.

Alvarezek, Berriak elkartearen izenean, hauxe gaineratu du: “Herrigunean erosketak egitea herritarrentzako erosoagoa eta seguruagoa izateko, baliabideak eta espazio publiko egokiak, irisgarriak, atseginak eta erosoak eskaintzea ezinbestekoa da eta hori egitera dator Hartu kalea!”.

Banaketak eta hondakin bilketa, 10ak baino lehen

Hartu kalea! ostiraletan 10etatik aurrera zirkulazio motorduna etengo da Kaxkoko kaleetan, oinezkoentzako eremu izan daitezen. Egun hauetan, Kaxkoko merkatari eta ostalariei eta bertako bizilagunei zuzeneko informazioa helarazten ari dira Udala eta Berriak elkartea.

Egun horietan, Kaxko barruko banaketak eta establezimenduen hondakinen bilketa 10ak baino lehen egingo dira (etxebizitzetako hondakin bilketan ez du eraginik izango). Zamalan-eremuek eta txandakako aparkalekuek ohi bezala funtzionatuko dute (30 minutuko txandak Gudarien plazan eta 90 minutukoak Kaxkoaren inguru osoan).

Kalea girotzeko ekintzak, ‘Hartu kalea!’ ostiraletan

Hartu kalea! ostiralek izango dute beste berezitasunik. Izan ere, egun horietan Kaxkoa girotzeko ekimen bereziak egingo dira. Ibargurenek azaldu duenez, “ostiral bakoitzak gai bat izango du ardatz eta harekin lotutako ekimenak eskainiko ditugu, kaleko espazioak erabiltzeko gonbidapen moduan”.

Honela, ekainaren 6ko egitarauaren berri eman du Alvarezek: “Lehenengo ekimena kirolarekin eta modarekin egongo da lotua. Goizean, kirol-elementuak jarriko dira Kaxkoko kaleetan, herritarrek modu librean erabiltzeko. 11tan, Bitan Bat dantza eta fitness zentroak doako saio bat eskainiko du Andre kalean. Parte hartzeko nahikoa izango da arropa erosoa jantzi eta bertaratzea. Goiza bukatzeko, Goiz Eguzkiko hartubol taldeak erakustaldia eskainiko du Plaza Berrian”.

Ekainaren 6ko “arratsaldea ere berezia izango da, Andre kalea moda-pasarela bihurtuko baita, 17:30etik aurrera”, gehitu du Alvarezek. “Herriko 11 establezimenduk parte hartuko dugu moda desfile batean, Joseba Olagaraik aurkeztuta eta Leire Moreno DJ-ak alaituta. Modelo lanetan hernaniarrak ariko dira”, gaineratu du Alvarezek. Euria eginez gero, moda-desfilea Atsegindegin izango da.

Horrez gain, Berriak elkarteak Hartu kalea! ostiraletan komertzio txiki eta ostalaritza establezimenduetan -Kaxkoan zein Hernaniko beste eremuetan- erosketak egiten dituzten herritarren artean 100 €ko bono bat zozkatuko du hilero, Berriak-eko kide diren establezimenduetan erabiltzeko.

HARTU KALEA!’ EGUTEGIA eta GAIAK:

Ekainak 6: Kirola eta moda desfilea.

Uztailak 11: Uda giroan.

Abuztuak 8: Uda giroan.

Irailak 12: Merkataritza Festa.

Urriak 10: Bakailao Astea.

Azaroak 14: Personal shopper.

Abenduak 12: Gabon giroan.