"Hernani munduari begira" zikloa martxan, aurten ere
2023·01·27
Hernani munduari begira zikloaren bigarren edizioa antolatu dugu Hernaniko Udaleko Lankidetza Sailak, Kooperazio taldearekin elkarlanean. Ekimen honen helburua da gure herriaren errealitatetik harago mundu zabaleko gertakari, esperientzi eta bizipenetatik ikastea. Otsailaren 2an hasiko da eta apirila amaiera bitarte luzatu.
Askotariko izango dira landuko diren gaiak, hala nola: Kolonbiako bake akordikoak, Venezuelako komunen mugimendua, Hego Amerikako abortatzeko eskubidearen egoera, Congoko errealitatea, ekofeminismoa edota emakume palestinar errefuxiatuen egoera. Ekimen guztiak Kulturarteko Plaza Feministan izango dira.
Hasteko, lehen ekimena otsailaren 2an izango da, arratsaldeko 18:30ean. “Mujeres Firmantes del Acuerdo de Paz: pilar de la reincorporación y la lucha por la paz en Colombia” izeneko erakusketa inauguratuko da, eta gaian gehiago sakontzeko “Mujeres ex combatientes de FARC-EP” dokumental laburra ikusteko aukera izango dugu. Otsailaren 4ean, aldiz, Venezuelari buruzko hitzaldia emango du Ángel Pradok (Simón Planas udalerriko alkateak eta El Maizal komunako kideak).
Jarraian doakizuen estekan ikusi dezakezue ekimen guztiak biltzen dituen kartela.
Berriaren lotura