"Hernani MUNDUARI BEGIRA" zikloa
Hernani munduari begira zikloaren bigarren edizioa antolatu du Udaleko Lankidetza Sailak Kooperazio taldearekin elkarlanean. Ekimen honek helburutzat du gure herriaren errealitatetik begirada altxatzea mundu zabaleko gertakari, esperientzia eta bizipenetatik ikasteko. Otsailaren 2an hasiko da eta apirila amaiera bitarte luzatu; askotariko eratako ekimenak izango dira, guztiak Kulturarteko Plaza Feministan.
Kolonbiako bake akordikoak, Venezuelako komunen mugimendua, Hego Amerikako abortatzeko eskubidearen egoera, Congoko errealitatea, ekofeminismoa edota emakume palestinar errefuxiatuen egoera ezagutu ahal izango dira, besteak beste.
Lehen ekimena otsailaren 2an izango da, arratsaldeko 18:30ean. “Mujeres Firmantes del Acuerdo de Paz: pilar de la reincorporación y la lucha por la paz en Colombia” izeneko erakusketa inauguratuko da, eta gaian gehiago sakontzeko “Mujeres ex combatientes de FARC-EP” dokumental laburra ikusteko aukera izango dugu. Otsailaren 4ean, aldiz, Venezuelari buruzko hitzaldia emango du Ángel Pradok (Simón Planas udalerriko alkateak eta El Maizal komunako kideak).
Jarraian doakizuen estekan ikusi dezakezue ekimen guztiak biltzen dituen programa.