Berriak
Atzealdea

"Hernaniko kulturartekotasuna aberastasun bezala hartzen dugu"

Maiatzaren 21ean Kultur Aniztasunaren Nazioarteko eguna ospatu dela eta, Hernanin kulturartekotasuna sustatzeko dauden zerbitzuen eta baliabideen berri eman dute, batetik, Hernaniko Udaleko Berdintasun, Kulturartekotasun eta Lankidetza Saileko ordezkariek eta, bestetik, Amher SOS-Arrazakeria elkarteko ordezkariek, Kulturarteko Plaza Feministan.

2022·05·21


“Hernanin kulturartekotasun handia dugu eta hori aberastasun modura hartzen dugu. Hernani zabalik dago herritar orori: harrera herria izatea nahi dugu, bakoitzaren jatorria edozein dela ere”, esan du Itsaso Lekuona Kulturartekotasun eta Berdintasun Arloko zinegotziak.

“Udaleko Kulturartekotasun Sailetik herrira iritsi berri direnentzat harrera plana berritu dugu eta orain baliabide gida berri bat osatzen ari gara. Gainera, laister Harrera Integralerako bulegoa zabalduko dugu”, esan du Itsaso Lekuonak.

“Udaleko Kulturartekotasun Sailetik egiten den lana lotuta dago, batez ere, Amher SOS-Arrazakeria elkarteak egiten duen lanarekin. Amherrek 20 urte daramatza herrian kultur aniztasuna ikusarazten eta kulturartekotasuna lantzen. Baita arrazakeriaren aurkako lana egiten ere. Azken 15 urteetan egin den moduan, Hernaniko Udalak Amher elkartearekin hitzarmena sinatu du aurten”, gogorarazi du Lekuonak. Hitzarmen horrek hiru langile izatea ahalbidetzen dio Amherri.

Hitzarmenak jasotzen duen berritasun nagusietako bat da Amherren bulegoa Kulturarteko Plaza Feministan kokatzea. Horrek aukera berriak sortu ditu. Elkarrekin lanean jarraitzea da helburua.

Amherreko langile den Fatima Fernandezek elkarteko bolondresen lana azpimarratu du. Izan ere, garrantzitsua da bertakoak zein etorkinak bat egiten duten sarea. “Bolondresek etorri berriei eskaintzen dizkiete, besteak beste, euskara eta gaztelania klaseak, eta bestelako zereginetan ere parte hartzen dute: etorri berriei ingurua erakutsi eta elkarrekin ezagutu, gestioak egiten lagundu...”, adierazi du Fernandezek. Haren ustez, hor sortzen da benetako elkarbizitza.

Atzerritartasun legeak eragiten dituen trabei aurre egiten jarraitzen dute Amherren, hainbat alderdiri dagokionez: errolda, etxebizitza, alokairuak, ikasketak...Azpimarratu dute instituzioen papera garrantzitsua dela, baina baita ere herritarren ardura dela pertsona etorkinei egiten zaien harrera eta eguneroko praktikak zaintzea.

Amher SOS-Arrazakeriaren bulegoa Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan dago eta pertsona migratu eta jatorri anitzetako herritarrentzako harrera eta aholkularitza eskaintzen du, besteak beste. Harremanetarako: amhersosarrazakeria@gmail.com / 667710928 / 650294390 / 671116414

Elkarteak bertaratzeko eta bolondres gisa jarduteko deia egiten die Hernaniko herritarrei, Amher erreferentziazko espazioa izaten jarraitzeko.