Berriak
Atzealdea ‘Hernanikua. Jan eta bizi’, herriko nekazaritza eta elikadura estrategiaren gerizpea izango den marka
2026·09·28
Hernanikua. Jan eta bizi aurkeztu da gaur. Aurrerantzean, Hernaniko elikadura estrategiaren marka izateko sortu da. Hernanikuak-k bere baitan hartuko ditu Hernanikua baratzeak; Hernaniko ekoizleen produktuak; Nekazaritza Eskola; elikadura burujabetzaren eta elikaduraren sektorearen inguruko egitasmoak.
Hernanikua espazioan -duela gutxi arte Karabeleko gisa ezagutu direnak- egin dute aurkezpena Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak eta Hernani Burujaberen Elikadura Mahaia osatzen duten beste eragileetkao ordezkariek: Kontxi Zubiondo HENASEtik; Bidatz Barrenetxea Bertatik-etik eta Oihana Aristegi Herrilurretik.
Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak elikadurak bizitzan duen garrantzia azpimarratu du: "Bizitza mahaiaren inguruan gertatzen da. Gure elikadurak errotzen du gure lurraldea eta lurrak elikatzen gaitu. Denon artean osatzen dugu herriko elikadura komunitatea, bakoitzak bere lekutik hobeto bizitzeko tokiko alternatiba bultzatuz. Izan ere, elikadura gara. Kontsumitzen duguna gara. Herrian sustatzen duguna gara".
Hernanikua-k bertako produktuen ikusgarritasunean eta herritarren kontzientziazioan ere eragiteko bokazioa du. "Tokiko produktuaren garrantziaren kontzientzia zabaldu, tokiko elikadura balio-kate osoaren emaitza erakutsi eta estrategia honen atzean dauden balioak sakondu nahi ditugu: jasangarritasuna, inklusioa...", erantsi du Ibargurenek.
Elikadura burujabetza sustatzeko "sare bizi bat"
"Hernanikua gure herriko elikaduraren nortasuna izango da", aurreratu du Ibargurenek, "Hernaniko lehenengo sektorearen gaur egungo egoera eraldatu nahi duen estrategiaren marka da".
Hernanikua-k "elikadura burujabetzaren bidea egiteko prest gauden herriko elikadura-kate osoa hartuko du: nekazariak; abeltzainak; dendak; ostalaritza; hezkuntza-komunitatea eta herritarrak". Horren adierazgarri da Elikadura Mahaiaren elkarlana. Bertako kideek adierazi dutenez, "Hernanikua guztion artean osatutako sare bizi bat izango da".
Zer da Hernanikua?
"Hernanikua gure elikadura da", adierazi dute ahobatez gaurko agerraldian parte hartu duten eragileetako ordezkariek. Hernanikua. Jan eta bizi markaren hainbat ezaugarri azpimarratu dituzte: "Hernanikua hemengoa eta gurea da. Gure baserrietan, gure lurretan eta dagokion sasoian maitasunez ekoitzitako elikagaiak dira Hernanikua. Zaintza, lana eta dedikazioa daude atzean, gure tokiko ekonomia eta lurraldea elkarrekin indartzeko konpromisoa", azaldu du Kontxi Zubiondo HENASEko kide eta baserritarrak.
Ekoizpenaren ikuspegitik Hernanikua-k "bertako produktuak eta ekoizpena ezagutzera emateko eta balioa emateko eta, bertako produktu eta ekoizpen jasangarria indartzeko" balioko duela gaineratu du Zubiondok.
Hernanikua "kate oso bat" dela azpimarratu du Bertatik-eko Bidatz Barrenetxeak. "Eragileen arteko koordinazioa eta estrategiaren garapena balioan jartzen du Hernanikua-k. Baserritik transformazio gune edo sukaldeetara, eta tokiko denda, jatetxe, etxe eta eskoletara iristen da".
"Katean parte hartzen duten eragileak artikulatzeko tresna bat da Hernanikua: ekoizleak, saltokiak, kontsumo taldeak, enpresak, jantokiak, transformazio-guneak... herritarrengana iritsi arte. Kateko eragileek elkar ezagutzeko eta bakoitzaren errealitatearekin eta beharrekin enpatizatzeko eta egokitzeko balioko digu", uste du Barrenetxeak. "Azken finean, komunitatea sortzeko".
"Hernanikua gure baserritarren lanaren ahalegina da", gaineratu du Herrilurreko Oihana Aristegik, "eta benetako zaporeen eta kontsumo arduratsuaren baloreak ere biltzen ditu". Salmentaren ikuspuntutik, "dendetan eta jatetxeetan bertako produktuak erraz identifikatzeko eta hautatzeko; bertako ekoizpenaren salmenta bultzatzeko eta tokiko merkatari txikiak indartzeko", balioko duela azpimarratu du Aristegik.
Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak "Hernanikua herriari bizia emateko modu" gisa definitu du. "Hernanikua-k itzalpeko lana agerian jartzen du. Denon artean, Hernaniko baserrietako argiak piztuta mantentzen ditugu, proiektu sozialak aurrera eramaten ditugu, herrian lanbide duinak eta bizibide berriak posible egiten ditugu eta gure nekazaritza-lurrak mantentzen ditugu".
Ostiralean, 'Hernanikua' bertako produktuen azokan
Datorren ostiralean, urriaren 2an, bertako produktuen azoka antolatu du HENASEk, Bakailao Astearen baitan (Plaza Berria, 10:00-14:00. Euriarekin, Atsegindegi). Aurkezpenean aurreratu dutenez, "dagoeneko Bertatik-en eraldatu ditugu Hernanikua marka eramango duten lehenengo produktuak. Urriaren 2ko bertako produktuen azokan eskuratu ahal izango dira".
"Hernaniko produktuak Hernanikua pegatinarekin markatuko ditugu hemendik aurrera. Horrela, herritarrek jakingo dute gure herrian ekoitzi eta transformatu direla", azaldu dute Aristegik eta Barrenetxeak.
Hernanikua-k bere postu propioa izango du bertako produktuen azokan eta markaren erosketa-poltsak banatuko dira.

