“Hernaniren izaera islatu nahi izan dugu Turismoko baliabide berrietan. Bisitariei erakusteaz gain, hernaniarrok ere jabetu gaitezen dugun aberastasunaz”
2023·03·14
Turismoko atari berria aurkeztu dute gaur Xabier Lertxundi alkateak eta Turismo Arloko zinegotziak eta teknikariak, Patxi Ibargurenek eta Jaione Irazuk, hurrenez hurren.
Webgune berria intuitiboagoa da, egungo beharretara egokitua. Bost hizkuntzetan dago (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, katalanez eta ingelesez) eta sei ataletan banatu da informazioa (zer ikusi, zer dastatu, zer egin, sagardoa, ekitaldiak eta informazio praktikoa).
• Zer ikusi atalean, esaterako, ondare historikoa, artistikoa eta natura baliabideak ikus daitezke: hirigune historikoa, Chillida-Leku, kalean daude artelanak, Urumea ibaia, ibilbideen sarea, ondare arkeologikoa...
• Zer dastatu atalean, Hernanik gastronomiaren arloan duen eskaintza zabalaren berri ematen du. Festa gastronomikoak (Bakailao Astea, Garagardoa Azoka, Txotx denboraldia), bertako produktuak, gozogintza, jatetxeak...
• Zer egin atalean, mendi ibilbideak, merkataritza aukera zabala, Chillida-Leku, bisita gidatuak Alde Zaharrean, Donejakue bidea.. aipatzen dira.
• Sagardoak atal propioa dauka eta Hernaniko sagardotegien zerrendaz gain, bisita interpretatuak, sagardotegietarako garraio publikoa, gomendioak... azaltzen dira.
• Ekitaldiak atalean, sanjoan jaiak, inauteriak, euskal jaiak, txalaparta festa, Erdi Aroko azoka, Udaparkean, kultura agenda eta auzoetako jaiak jasotzen dira.
• Eta, azkenik, Info praktikoaren atala dago. Informazio bulegoa, nola iritsi, non lo egin, karabanentzako aparkalekua non dagoen eta euskarazko oinarrizko hiztegia ere jasotzen du atal horrek.
Webgune berriaren azalean Hernaniren alderdi nabarmenenak jasotzen dituen bideo bat ere ikus daiteke.
Horrekin batera, informazio hori guztia jasotzen duen liburuxka ere laster egongo da eskuragai. Baliabide horiek eta duela gutxi aurkeztutako Hernani Hiribilduan bisita gidatuaren tresna 2019an landu zen Turismo Ekintza Planean jasota daude.
Ondare kulturala, naturala eta ez-materiala balioan jartzea eta zaintzea da, besteak beste, Udalak turismoaren bitartez landu nahi duen alorra eta uste dugu erreminta horiek helburu hori erdiesten lagungarriak izango direla", esan du Patxi Ibarguren Turismoko zinegotziak.
"Horretaz gain, sare sozialen bitartez partekatzeko gaikako 12 pilula ere osatu ditugu", jakinarazi du.
1. Herrigunea
2. Gastronomia
3. Sagarra eta sagardoa
4. Festa
5. Euskal jaiak
6. Kirola
7. Ondare megalitikoa
8. Bertako ekoizleak
9. Ibilbide sarea
10. Bertako komertzioa
11. Hernani airetik
12. Artea
Azkenik, zinegotziak hernaniarrak animatu ditu "gure sare sozialak jarraitzera, bertan Hernanin egin daitezkeen era guztietako planei buruz informatzen baita".
@HernaniTurismoa
@hernaniturismoa
@HernaniTurismoa