Berriak
Atzealdea

​Nagore Legarreta eta Zehar Kablea, haien sormen lanak publikoari erakusteko prest

Arte sorkuntzarako bekaren 2019ko deialdiaren irabazleek haien sormen lanen inguruko azalpenak eman dituzte gaur. Nagore Legarreta argazkilariak, Bira Produkzioak taldekoekin elkarlanean, "Ibaia ez da toki bat, Urumea" argazkilaritza eta ikusentzunekoa uztartzen dituen lana aurkeztu du. Zehar Kablea sormen taldea izan zen deialdi hartako beste irabazlea eta "Belarri bero, bai esan?" sei ataleko web seriea osatu dute. Bi irabazleek azaroan aurkeztuko dituzte jendaurrean haien sormen lanak.

2021·10·28


Koro Etxeberria Kultura zinegotziak Udalaren beka honen ibilbidearen errepasoa egin du. “Beka sortu zenean kaleko artera eta, bereziki, arte plastikoetara lotuta zegoen: eskultura, muralgintza...”, gogorarazi du Etxeberriak. “Ondoren, eta kultur eragileekin horrela adostuta, beste arte disziplinetara zabaltzea erabaki genuen: ikusentzunezkoetara, musikara, dantzara, argazkigintzara…”.

2019ko deialdia izan zen ezaugarri berri hauekin egin zen lehena, eta “10 proposamen jaso genituen. Ezustea izan zen, baina ezuste ona”, azaldu du Kultura zinegotziak.  Erabakia zaila izan zen baina hamar proposamenen artean bi proiektu hobetsi ziren. 

1) Ibaia ez da toki bat, Urumea. Nagore Legarreta Alcelayrena. Nagore Legarreta eskarmentu handiko sortzailea da. Bere ibilbidea jarraitu ezkero, “bere oinarria argazkilaritza bada ere, duen sormen gaitasuna eta lan egiteko modua argazkilaritzatik haratago doala esan daiteke”, azaldu du Etxeberriak. Horren adibide, gaur ekarri duen proposamena, non argazkilaritza eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen.
“Nagore Legarretaren proposamena oso egokia iruditu zitzaion epaimahaiari, oso ondo josten zituelako sorkuntza artistikoa eta herritarrekin esperientziak sortzearen lanketa”, esan du Etxeberriak. Proiektu honek 5.650 euroko dirulaguntza jaso zuen.

2) Belarri bero bai esan? Zehar kablea sormen taldea (Uxue Bereziartua, Uxue Amonarriz eta Aitor Altuna). “Proiektu kolektiboa, originala, talde gaztea, freskoa eta anbizio handikoa” izan zen epaimahaiaren deskribapena. Proiektu honek 4.350 euro jaso zituen.

Nola ikusten gaitu Urumeak?

Nagore Legarretaren proiektua elkarlanaren emaitza da: argazkilaritza eta ikusentzunezkoa uztartzen ditu eta ikusentzunezkoaren zatia egiteko Bira produkzioak taldearen laguntza izan du. Legarretak azaldu duenez, “proiektua abiatu nuen ibaia estetikoki eta emozionalki ikertzeko ideiarekin”. Guk ibaia nola ikusten dugun baino, nola ikusten gaituen berak interesatzen zitzaion argazkilariari. “Argazkilaritzaren teknika primitiboak erabilita, 100 lata jarri nituen ibaian zehar, uraren azaleraren parean”, kontatu du. Eta irudi horietako batzuk erabili ditu dokumentalean. 

Horretaz gain, tailer bat ere egin zuen Ereñotzun eta ibaiaren inguruan partehartzaileek adierazitako hausnarketak grabatu zituen. Horiek ere dokumentalean txertatu ditu Legarretak.  

Dokumentalean protagonismoa hartzen dute, bestalde, Juana Ugalde Nagore Legarretaren amonaren testigantzek. Juana Ugaldek eta biloba telefonoz izandako elkarrizketek harilkatu baitute dokumentala.

Beñat Iturriotz Bira Produkzioak-eko kideak azaldu duenez, “hasierako ideia zen Nagoreren proiektua grabatzea, baina ibaiaren barrutik grabatu dugu, ibaiaren indarrak eraman gaitu eta berak agindutako lekura joan gara gu”, esan du. Azkenean, prozesuaren grabazio hutsa izatetik, proiektuaren funtsezko parte izatera igaro ziren. Birakoek arrastoa utzi dute dokumentalean. 

Ibaia ez da toki bat, Urumea dokumentala azaroaren 3an proiektatuko da, Biterin. Gonbidapena beharrezkoa da eta kultur etxean bertan daude eskuragai. 

Belarri bero bai esan? web seriea estreinatzeko gala

Zehar Kableko Uxue Bereziartuak azaldu duenez, “proiektua mamitzeko prozesua luzea izan da, gidoia prestatzen urtebete eman dugu, euskararen eta berdintasunaren irizpideak ondo zainduta izatea nahi genuelako. Baita teknikoki ere gidoia ondo landuta egoten ahalegindu gara”. Grabaketa laburra izan da, baina oso intentsoa, “pandemiak asko konplikatu duelako”, ohartarazi du hirukoteak. Seriearen sei atalak sei egunetan grabatu zituzten. “Martin Ugalde kultur parkea izan zen grabazio-estudioa. 

Web serieak kontatzen ditu Belarri Bero linea erotiko bateko langileen gorabeherak. Arazo ekonomikoak dauzkate eta horiei nola aurre egin umorez kontatzen dute. Dorleta Urretabizkaia, Olaia Gil, Nerea Arriola eta Olatz Beobide dira seriearen protagonistak. Aitor Altunak nabarmendu duenez, “ate asko jo ditugu eta laguntza handia jaso dugu, oso pozik gaude”. 

Estreinaldia azaroaren 6an izango da. “Festa handi bat antolatu dugu, photocall eta guzti jarriko dugu jendea elegante edo estrabagante etortzeko”, esan dute. Bigarren pasea, “arruntagoa”, azaroaren 13an egingo dute. Biak 12:00etan, izango dira. Gonbidapenak Biterin lor daitezke. 

2021ko deialdia, prest

Amaitzeko, Kultura zinegotziak 2021eko deialdiaren berri eman du. Oinarriak prest daude eta GAOn argitaratzeko zain. Bestalde, 2020ko bekaren irabazleak haren lana bukatzear duela aurreratu du Etxeberriak.