Berriak

Atzealdea “Ozen eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpea bilakatzea”

Hernaniko mugimendu feministaren, txosna batzordearen, AMHER SOS-Arrazakeriaren, tabernen eta Udalaren ordezkaritza zabala elkartu da gaur Ezkiaga pasealekuko eskaileretan sanjoanetan egin ohi den erasoen aurkako kanpaina aurkezteko. Eragile guztiek adostuta, mezu bateratu bat irakurri dute eta sexu erasoen eta eraso arrazisten prebentzioan eta horien aurreko erantzunean prestatu duten zenbait neurri eta protokoloren berri eman dute.

2023·06·19


“Jaietan ere egunerokoan gertatzen diren zapalkuntza eta diskriminazioa ere gertatzen dira. Jaiak denontzako gozagarriak eta seguruak izatea da urtero bezala gure aldarrikapena. Jai egunetan eta eremuetan intentsitate desberdineko erasoak sarriago gertatzen dira: eraso matxistak, arrazistak, irainak, eraso fisikoak, ukituak, bortxaketak. Ozen eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpea bilakatzea”, adierazi dute testu bateratuan.

Indarkeria sexistarik gabeko gunea: urtero bezala, Nafar Kalean jarriko da postua. Ekainaren 23an, 24an 25ean egongo da, 18:00-22:00. Hemen jendartearen kontzientziazioa lantzea eta informazioa ematea da xedea.

Erasoen arretarako telefonoa

688 685 164 jaiek dirauten bitartean, 24 orduz.

Gertatzen diren erasoak jasotzea eta laguntzea ikuspegi feminista batekin.

Ekainaren 23an 18:00etan jarriko da martxan ekainaren 28an, 8:00ak arte egongo da erabilgai.

Brigada a aurtengo berritasuna da: “Ekainaren 23an eta 25ean, arratsaldeetako lehen orduetan, mugimendu feministako kideok tabernetatik erronda egingo dugu erasoen inguruan jarduteko eta protokoloa gogorarazteko”.