Berriak
Atzealdea ‘Puntaren puntan’ proiektua izan da kultur ekipamenduaren ideia lehiaketan gailendu dena
2026·07·14
Puntaren puntan proiektua izan da Urumea ikastola zaharra zegoen eremuko kultur ekipamendu berriaren ideia lehiaketan puntu gehien eskuratu dituena, epaimahai kualifikatuaren eta Hernaniko herritarren iritziak batuta.
Gaur, proiektuaren egilea ezagutzeko gutunazal irekiera publikoa eta Batzorde berezia izan dira. Orain, ohiko administrazio-prozedurei jarraituz, ideia lehiaketako hiru proiektu finalistek pleguetan zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Horretarako, gehienez 10 lan-eguneko epea izango dute. Dokumentazio guztia behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ondoren ebatziko da ideia lehiaketa eta behin betiko erabakia, Urumea eremuko kultur ekipamendua garatzeko proiektua aukeratuko duena.
Epaimahai tekniko batek ideia lehiaketara aurkeztutako zazpi proiektuen artean hiru onenak aukeratu zituen lehenengo fasean: Puntaren puntan; Kultur taupada eta Paseoa eta kultura izenekoak.
Ondoren, 16 urtez gorako hernaniarrek hiru horien artean gustukoenetik hasita, hurrenkerari buruzko iritzia emateko aukera izan dute hiru astez. Horretarako, Biteri kultur etxean erakusketa batean erakutsi ziren hiru proiektuak eta, irekiera ekitaldiaz gain, hainbat sektoretako eragile eta herritarrekin zuzeneko saioak egin ziren proiektuak ezagutzeko.
1.033 herritarrek parte hartu dute partaidetza prozesuan
Guztira, 1.033 herritarrek eman dute iritzia partaidetza prozesuan. Herritar bakoitzak proiektu gustukoenetik hasita, hurrenkeraren arabera aukeratu ditu. Hori horrela izanik, Paseoa eta Kultura ideiak puntu guztien %35,17 jaso ditu; Puntaren Punta-k %33 eta Kultur taupada-k, %31,8.
Epaimahai profesionalak, berriz, azterketa teknikoak oinarri hartuz Puntaren puntan eta Kultur taupada proiektuak lehenetsi zituen, eta herritarren bozka erabakigarria izan da bien artean erabakitzeko.
Herritarren eta epaimahaiaren bozkak elkartuta, beraz, Puntaren Puntan proiektuak jaso ditu puntu gehien: 93. Haren atzetik geratu dira Kultur taupada eta, Paseoa eta kultura proiektuak, 88 eta 80 puntu aterata, hurrenez hurren.
Behin betiko erabakiaren ondoren, proiektuaren idazketa lizitatzea izango da hurrengo urratsa
Puntaren puntan Transición e Innovación en arquitectura e ingeniería SL-k (TRA.INN) eta I-INGENIA ingeniería y arquitectura SL-k garatutako ideia dela ezagutu dugu gaur, orain arte ezkutukoa izan baita ideia lehiaketako proiektuen egiletza.
Hemendik aurrera, esan bezala, 10 lan-eguneko epea izango dute hiru finalistek eskatutako dokumentazioa aurkezteko.
Behin betiko ebazpenaren ondoren, proiektuaren idazketa lizitatzeko prozesua hasiko du Udalak. Publizitate gabeko prozedura negoziatu bidez esleituko zaio irabazleari. Proiektu horretan zehaztuko dira eraikinak, bai kanpotik eta bai barrutik, izango dituen xehetasun guztiak.

