Berriak

Atzealdea ‘Ziztadak', arte sorkuntza eta euskara ikastea batu dituen Natalia Martinezen proiektua

Iaz Hernaniko Udalaren sorkuntza beka jaso zuen proiektuetako bat da

2026·07·21


Ziztadak egitasmoa aurkeztu dute gaur Aitor Huizi Kultura zinegotziak eta Natalia Martinez sortzaileak. Izan ere, Martinezen Ziztadak proiektua izan zen 2025ean Hernaniko Udalaren Sorkuntza Beka jaso zuen hiru proposamen artistikoetako bat. 

Euskara ikasten ari diren ikasleengan pentsatuta, sei intsigniako bilduma bat diseinatu eta ekoitzi du Martinezek. 6.600 €ko dirulaguntza jaso du egitasmoa aurrera eramateko.

Martinezek azaldu du "motibazio pertsonal" batetik abiatu duela sorkuntza prozesu hau. "Euskara ikasten ari naiz, eta bertatik bertara ezagutu ditut bideko pozak eta zailtasunak. Bizipen pertsonal horrek inspiratu du Ziztadak, ni bezala egunero hizkuntzara eta euskal kulturara hurbiltzen ahalegintzen direnei laguntzeko eta egiten duten ahalegina errekonozitzeko borondatearekin", gaineratu du. "Euskara ikastea motibagarria eta dibertigarria" dela adierazteko bokazioa du proiektuak.

Horretarako, sei intsignia diseinatu ditu Martinezek, bakoitzak euskararen ikaskuntzaren fase bat irudikatzen duena: hasiberritik euskaldun oso izateraino. 

Natalia Martinez kataluiniarra da sortzez eta Hernanin bizi da. Sorkuntzarekin eta artearekin lotura zuzena du, Balma Studioaren sortzaile eta bihotza baita.