Berriak
Atzealdea

Argindarraren kontratuak doituta, urtean 10.000 eurotik gora aurreztea aurreikusten du Udalak

Energia Iraunkorrerako Udal Planaren barruan, udal eraikinetako energiaren kontsumoa murrizteko eta argindarraren kontratuak doitzeko zenbait ekintza egiten ari da Udala. Ekintza hauek, airera isurtzen ditugun CO2 gasak murrizteaz gain, fakturan ere aurrezpena dakar. Hartu berri diren neurrien ondorioz, argindarraren fakturan urtero 10.000 euro aurreztea aurreikusten du Udalak.

2019·11·05


Energia Iraunkorrerako Udal Planaren barruan, Hernaniko Udalak eraikin publikoetako elektrizitate kontsumoari jarraipena egiten dio, fakturazioa eta on line kontsulta daitezkeen beste zenbait daturi erreparatuta.

Azken urteotan udal zerbitzuen ordutegiak, erabiltzaile kopurua edo instalatutako gailu eta instalazioen energia eraginkortasuna, adibidez, aldatzen joan dira. Azterketa jarraia eginda, kontratuak egunera daitezke, eta beharrezkoa baino gehiago ez ordaintzea lortu.

Hernaniko Udalak zenbait ekintza egin izan ditu urteotan energia aurrezteko eta faktura murrizteko, kaleko argiztapenari dagokionez zein udal eraikinetako azpiegiturei eta kontsumoei dagokienez. Hala ere, Energiaren urteko txostenean -aurtengo apirilean argitaratuta- oraindik hobetzeko tartea bazegoela ikusi zen, eta orain egin diren doiketa hauek bide horretan doaz.

Aldaketa horien artean aipagarria da ordutegi diskriminazioa ezartzearena, kontsumoaren zati nagusia merkeagoa den ordutegian egiten delako. Beste batzuetan, gehiegizko potentzia kontratatuta zegoela identifikatu da.

Denera, 150 argindar horniketa inguru ditu Hernaniko Udalak eta horietatik 20 baino gehiago egokitu dira. Aldaketei esker, urtean 10.000 eurotik gorako aurrezkia lortzea espero da.