Berriak

Atzealdea 13. Bakailao Astea, giroa pil-pilean jartzeko

Urriaren 6tik 17ra dastatu ahal izango dira taberna eta jatetxeen pintxo-proposamenak

2025·10·02


13. Bakailao Astea iristear da, Udalak eta Berriak elkarteak elkarrekin antolatuta. Gaur, urriaren 2a, Aritz Ansolak (Sansonategi jatetxea), Miren Lukasek (Oa gozotegia), Ane Zeberiok (Arriatzu baserria) eta Aitzol Zugastik (AZ gastronomia) osatutako epaimahai profesionalak guztiak probatu ditu eta haien epaia eman du. Hala ere, pintxo irabazlea ez da ezagutuko urriaren 17a arte.

Herritarrek, urriaren 6tik 17ra izango dute herriko taberna eta jatetxeek, bakailaoa ardatz hartuta, egin dituzten pintxo-proposamenak dastatzeko aukera. Egun horietan, gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute hernaniarrek, izan ere, publikoaren saria ere banatuko da.

Aurkezpen ekitaldian Xabier Lertxundi alkateak, Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak, Gonzalo Saez de Ondarroa Berriak elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak eta, Euskal Sagardoa eta Sagardoa Routen ordezkari, Amaia Zubeldiak parte hartu dute. Epaimahai profesionaleko kideak ere hantxe izan dira. 

25 taberna eta jatetxek parte hartuko dute aurten

25 taberna eta jatetxek parte hartuko dute aurtengo Bakailao Astean: Aieko kafetegia; Andrekale 21; Apeadero taberna; Aralar taberna; Atxur taberna; Cafe Arri; Deportibo; Dori Berri; Errioguarda-enea jatetxea; Garin taberna; Goiz Eguzki; Gunea; Guria; Harresi; Joxemari taberna; Karrero; Kixkal; Latxunbe; Rioja; Tamer; Tripontzi; Txilibita; Txoko; Zinkoenea eta Zumardi. Epaimahaiaren izenean, Ane Zeberiok "aurkeztutako pintxoen originaltasuna" azpimarratu du. 

Pintxo bakoitzaren prezioa 2,5 €koa izango da. Herritarrek tabernetan bertan eskuratu ahal izango duten liburuxkan topatuko dituzte xehetasunak. Astelehenetik aurrera egongo da eskuragarri. 

Urriaren 17an jakingo da zeintzuk diren aurtengo edizioko pintxo irabazleak, bai epaimahaiaren arabera eta herritarren gustukoena. Egun horretan, txaranga batek kalea animatuko du.

Sagardo eta pintxo dastaketa gidatua, nobedadea

Aurten, ekimen berezi bat ere izango da Bakailao Astean. Izan ere, bakailaoa eta sagardoa uztartuko dituen dastaketa gidatua antolatu dute Udalak, Berriak-ek eta Euskal Sagardoak.

Mikel Garaizabel enologo eta sommelierrak gidatuko du saioa, hilaren 9an, Ezkiaga pasealekuan (euria eginez gero, Atsegindegin).

Sagardoarekin batera, Bakailao Astean parte hartzen ari diren lau pintxo probatuko dira. Dastaketa gidatuko sarrerak sagardoa.eus atarian daude salgai, 10 €an. 

Horrez gain, Non dago Pil-Pil? lehiaketa izango da aurten ere herriko establezimenduetan. Hilaren 10ean, ostirala, Hartu kalea! ekimenarekin bat egingo du Bakailao Asteak. Goizeko 10etatik aurrera, itxita egongo da kaskoa trafikoarentzako. Arratsaldean, Rockalean izango da (ordutegia aurreratuko da, mugimendu feministak Palestinaren alde deitutako mobilizazioarekin bat egiteko). 

Horrez gain, urriaren 15ean sindikatuek Palestinaren alde deitutako lan-uzteak direla eta, ordu horietan online bozkatzeko aukera desaktibatu egingo da.

LIBURUXKA