Berriak
Atzealdea

1936ko gerraren testuinguruan Hernanin fusilatutako ia 200 pertsonen oroimena eta duintasuna berreskuratzeko ekitaldia egingo da hilerrian

“Urriaren 22an, larunbatarekin, oroimen ekitaldi bat egingo dugu 1936ko gerraren testuinguruan Hernanin fusilatu zituzten ia 200 pertsonen omenez. 2006an inauguratu zen Argi-Horma izeneko eskulturaren aurrean egingo dugu ekitaldia, pertsona horien guztien oroimena bizirik mantentzeko”, esan du Xabier Lertxundik.

2022·10·17


Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Txuso Gomez Udal Artxiboko arduradunak azaldu dituzte omenaldiaren nondik norakoak, hilerrian bertan egindako prentsaurrekoan. “Urriaren 22an, larunbatarekin, oroimen ekitaldi bat egingo dugu 1936ko gerraren testuinguruan Hernanin fusilatu zituzten ia 200 pertsonen omenez. 2006an inauguratu zen Argi-Horma (Carlos López de Ceballos eskultorearen obra, fusilatu baten biloba) izeneko eskultura honen aurrean egingo dugu ekitaldia, pertsona horien guztien oroimena bizirik mantentzeko”, esan du Xabier Lertxundik.

Azken omenaldia 2016an egin zen. “Asmoa zen lau urtean behin egitea baina pandemiaren mugak direla eta, orain arte ezin izan dugu egin”, argitu du alkateak.

“Larunbateko ekitaldiaren helburua da Hernaniko hilerri honetan fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatutako pertsonak omentzea, haien oroimena eta duintasuna berreskuratu behar delako: egia osoa ezagutu behar dugulako eta justizia aldarrikatu behar dugulako haientzat eta haien familia edo senideentzat”, adierazi du Lertxundik. Ekitaldia hilerrian izango da, eguerdian (12:00etan).

Senitartekoen partehartzea ekitaldian

Gidari - aurkezle lanak Irati Sarasua Arabaolaza eta Urko Apaolaza Avila hernaniarrek egingo dituzte. Musika joko dute Roberto Pacheco García eta Judith Montero Imaz saxo-jotzaile hernaniarrek. Fusilatu baten senide baten hitzak entzungo ditugu eta nire hitzak izango dira gero, eta, bukatzeko, lore eskaintza bat egingo da, Hernaniko txistulariek eta Ttarla Dantza Taldeko dantzariek Agurra jo eta dantzatu ondoren.

“Ekitaldi honetarako biktimen eta fusilatuen senideak gonbidatu ditugu, fusilatuen herrietako udal ordezkariak eta oroimena eta bizikidetzan lanean ari diren Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, baita Memoria lantzen duten elkarte eta taldeetako kideak ere”, erantsi du Xabier Lertxundik. “Eta zer esanik ez, hernaniarrak ere gonbidatu nahi ditugu, askok eta askok, edo haien senideek, sufritu baitzuten frankismoaren errepresioa”.  

Diktaduran eta, ondorengo hamarkadetan ere, isildutako krimenak

1936ko uztailaren 18ko altxamenduaren ondoren, irailaren bukaera aldean, ia Gipuzkoa osoa okupatuta zegoela, indar frankistek hasiera eman zioten errepresioari. Txuso Gomez Udal Artxiboko arduradunen hitzetan, “gertaera odoltsu eta lazgarrienak frankistek egindako fusilatzeak izan ziren, eta Hernani izan zen fusilatze haien gune bat: hemen, hilerri honetan, pareta hauetan, 200 bat pertsona fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatu baitzituzten”.
Diktadurak iraun zuen 40 urteetan, eta gerora ere, “isiltasunak eta inpunitateak estalarazi zituzten krimen haiek, isilduak izan ziren... krimen haiek, eta hernaniarrek eta hiritarrek orok jasandako bestelako zigorrak, bestelako errepresio motak ere, hala nola, atxiloketak, espetxeratzeak, erbestea, errepresio ekonomikoa, soziala, ideologikoa, kulturala…”, gehitu du Gomezek.

Frankismoaren errepresioa sufritu zuten ahaztutako pertsona haien guztien oroitzapena eta duintasuna berreskuratzeko, egia osoa ezagutzen ez dugulako, justizia eta erreparazioa egin ez zaielako, azkenean, zorra hori kitatu beharra dagoelako, esan bezala, ekitaldia hau antolatu du Hernaniko Udalak.

Diktaduran modu klandestinoan egindako omenaldiak eta oroimena berreskuratzeko beste zenbait ekimen

“Atzera egiten badugu gogora ekarri beharko genituzke era klandestinoan eta anonimoki fusilatuen senideek, diktadura iraun zuen bitartean, egin zituztenak”, gogorarazi du Udal Artxiboko arduradunak.

“Ekitaldi horiek gogoan ditugu, edo beste batzuen artean 1977an antolatutakoa (gaur ezagutzen den kripta eraiki zen orduan), edo 1986koak; orduan hiru (3) ekitaldi antolatu ziren”, gehitu du.

Hernaniko Udalak berak antolatutakoa, orduan eraiki zen monumentu bat hilerriko hobietako batean, “Herri bezala bizinahia. Gau luze luzea. Zuen odola, herriaren arnasa / La sangre de los demócratas es semilla de libertad” inskripzioarekin.; eta plaka bat jarri zen hilerri honetako ermita-elizako paretan: “36ko gerrakoan, hilerri honetan, berrehun pertsonaz goiti basaki erailak izan ziren. Askatasunaren alde bizia utzi zuten haiei, oroitzapen eta gorazarre”. Egun, plaka hori kriptaren sarreran dago kokatuta.

1986an EAJ-PNVk eta EAk antolatutakoak. Horietan, 1977an eraikitako kriptan, gurutze baten azpian Elbira Zipitriaren “Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren, eusko gogoan toki berezia daukazue” esaldia jarri zen.

Gerora, 2000ko hamarkadan, Memoria edo Oroimena ikertzeko lanak hasi zituen Hernaniko Udalak: Zaldibian (Gipuzkoa) egindako deshobiratzeen harira (2002ko irailean), 1936ko uztaila eta urria–azaroa bitartean Hernanin gertatutakoari buruz, udal hilerri honetan hobi komunetan agiririk gabe lurperatutako epaiketatik kanpo exekutatutako pertsonei buruz, hain zuzen.

“Aurretiazko azterlanek egiaztatu zuten bazekiena, 1936ko udazkenean Hernanin gertatu ziren Gipuzkoako exekuzio estrajudizial gehienak; 200 bat exekuzio frontearen atzeguardian, uztailaren 18an matxinatutako tropek Hernani eta Donostia hartu ondoren (1936ko irailaren 13an)”, azaldu du Gomezek. Horrela, lanak aurrera egin ahala, 2003ko martxoan prospekzio arkeologiko batzuk egin ziren Hernaniko kanposantuan identifikatutako hobietako batean, baina prospekzio horiek ez zuten ahalbidetu ustez espazio horretan lurperatutako gorpuzkiak aurkitzea.

Lehenago, 2000ko azaroaren 30eko Osoko Bilkuran, aho batez erabaki zen Francisco Francori Hernaniko Ohorezko Alkate izendapena kentzea, 1949ko abuztuaren 21ean eman zitzaiona.

Jarduerekin jarraitu zen, eta 2006–2007an Argi-horma monumentu edo eskultura inauguratu zen (“1936ko gerran frankistek hil eta desagertarazitako guztien omenez:… haiek defendatu zuten ideala aintzat hartzen dugulako eta sekula gertatu behar ez zen tragediaren lekuko izan dadin betiko / … en reconocimiento de la causa que personificaron y como testimonio perpetuo de una tragedia que nunca debió ocurrir”); bertan jasota daude hilerri honetan fusilatutako pertsonen izen–abizenak, identifikatu ahal zirenak, 138, hain zuzen. Orduan ere “Udazkena oraindik. Memoria de la Guerra Civil en Hernani” dokumentala eta “1936ko udazkena Gipuzkoan: Hernaniko fusilatzeak” liburua editatu ziren.

Eta gogora ekarri behar dugu orain arte eginiko azken oroimen ekitaldia, 2016an antolatutakoa, Luix Intxauspe Arozamena alkatea zela.

EKITALDIAREN BIDEOA (2022KO URRIAREN 22KOA)