Berriak
Atzealdea 20 urtean 2000 emakume baino gehiagok parte hartu dute Emakumeentzako Jabetze Eskoletan
2025·05·22
Hernaniko Emakumeentzako Jabetze Eskolak 20. urteurrena du aurten eta ekainaren 6an, festa eder batekin ospatuko dute urteurren borobila Kulturarteko Plaza Feministan.
“Askotariko ikastaroak eskaini ditu eta eskaintzen ditu Hernaniko Emakumeen Jabetze Eskolak”, azaldu du Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak, “baina beti helburu berarekin: emakumeak ahalduntzea, emakumeen arteko sareak ehuntzea eta kontzientzia feminista sustatzea”. Jasota dauden erregistroen arabera, 20 urte hauetan 2000 emakume baino gehiagok parte hartu dute Jabetze Eskolan.
Ekainaren 6ko festa 17:30ean hasiko da irrintzi, zaghareet eta ezgariekin. Ondoren, Jenny Perlazarekin dantzaldia izango da eta gero, karaokea. Norberak gustuko kanta aukeratu dezake, bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan. Festa mokaduarekin bukatuko da.
Festa irekia da eta Jabetze Eskolan urte hauetan guztietan parte hartu duten emakumeen “topaleku” izan nahi du. “Bereziki emakume horiei gonbidapena luzatzen diegu”, esan du Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak.
Hernani, Gipuzkoako aitzindarietako bat
Hernaniko Udaleko Berdintasun sailak jarri zuen Jabetze Eskolaren proiektua martxan duela 20 urte. Hernaniko Jabetze Eskola Gipuzkoa mailan gisa honetako proiektuen artean aitzindarietako bat izan zen.
2021ean, Kulturarteko Plaza Feministak ateak ireki zituenetik, bertako eskaintzaren parte da Jabetze Eskola. “Jabetze Eskola urtez urte joan da izaera hartzen, baina bereziki azken urteetan proiektua zabaltzea lortu da, Kulturarteko Plaza Feministak egitura sendotu duelako. Udal ekipamendu hau dugunetik, emakumeen parte-hartzea areagotu egin da”, baieztatu du Lekuona Berdintasun zinegotziak.
Kulturarteko Plaza Feminista irekita dagoenetik, 200 izen-emate inguru izan dira urtero eta 2023/2024 ikasturtean 693 emakumek parte hartu zuten antolatutako ikastaro eta tailerretan (azken datu eguneratuak dira horiek).
Tailerren eskaintza zabala egin du 20 urte hauetan Hernaniko Jabetze Eskolak, gai hauen baitan: ezagutza feminista; elikadura burujabetza; kultura birdefinitzen; emakumeen nortasuna eta autonomia suspertzen; sortu eraldatzeko; espazioak geureganatu eta Ezin bada dantzatu, ez da gure iraultza. Horrez gain, badaude 20 urtez mantendu diren tailerrak ere: Munduko Emakumeen Literatura, DJ tailerra, autodefentsa feminista, komunikazioa eta jendaurrean hitz egiteko teknikak...
“20. urteurrenak merezi du ospakizun eder bat”, gaineratu du Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak.