Berriak
Atzealdea

31 ikastaro eskainiko dira Biterin 2020-2021 ikasturtean, segurtasun neurri bereziak ezarrita

Guztira, 31 ikastaro eskainiko dira Biteri kultur etxean; sei haur eta gazteentzat eta 25, helduentzat. Aldez aurreko izen-ematea irailaren 1etik 8ra bitartean egin daiteke, Biteri kultur etxean, ohiko moduan, eta, aurten, lehen aldiz, internetez ere bai. Segurtasun neurri bereziak ezarriko dira COVID-19a dela eta.

2020·08·27


Urtero bezala, Biteri kultur etxeak ikastaroen eskaintza zabala ekarriko du ikasturtearen hasierarekin batera. Askotariko ikastaroak egongo dira aukeran. Sormena lantzeko helburua dutenak, hala nola, pintura, marrazketa, egur taila, zeramika, altzarien zaharberritzea eta eskulanak. Gorputz espresioari lotutakoak ere izango dira ikasturte honetan: yoga, antzerkia, dantza garaikidea, dantza latinoak, hip hop eta tai chi kung. Eta bestelakoak: patchwork, joskintza eta patroigintza eta argazkilaritza.

Covid-19 dela eta, 2-3 eta 4-5 urteko haurrei eskainitako “Sormena, emozioa eta giza trebetasunak lantzeko tailerrak” bertan behera geratu dira. Egoeraren bilakaeraren arabera baliteke adin tarte horri zuzendutako eskaintza aurrerago egitea.

Ikastaroetan parte hartu nahi izatekotan, aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako parada egongo da irailaren 1etik 8ra bitartean. Kultur etxean bertan eta, aurten, lehen aldiz, interneten bidez.

Izena ematen dutenen kopurua ikastaroaren plaza kopurua gainditzen badute, zozketa egingo da. Plaza lortzen dutenek matrikula egin beharko dute irailaren 10etik 18ra bitartean.

Ikasturtearen hasiera urriaren 1ean izango da. COVID-19a dela eta, segurtasun neurri bereziak ezarri dira ikastaro guztietan: besteak beste, laza kopurua murriztu da, distantziak bermatu ahal izan daitezen, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da eta sarreran tenperatura hartuko zaie parte-hartzaile guztiei.

Matrikulazioa:
Aldez aurreko izen-ematea: irailaren 1etik 8ra
Matrikulazioa: irailaren 10etik 18ra
Presentzialki: Biteri kultur etxean, 09:00-13:00 eta 16:00-20:00
Aurten lehen aldiz online egin ahal izango da: web.hernani.eus/kultura edo www.hernani.eus helbideetan.

Covid-19aren ondoriozko argibideak:
- Ikastaroetan babes- eta segurtasun-neurriak beteko dira: sartzerakoan tenperatura hartuko da, maskara erabili beharko da, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu eta segurtasun distantziak mantendu.
- Neurri guztiak betetze aldera, ikastaro bakoitzaren ikasle kopurua jaitsi egin da, distantziak mantendu ahal izateko.
- Egoeraren bilakaeraren arabera gerta liteke ikastaroan zehar egokitzapenak egin behar izatea.
- Matrikulazioaren kuoten inguruan ere, aldaketak gerta daitezke:
1.1 Klasea presentzialki emateko aukerarik ez bada eta online ematen bada, matrikularen kuotari % 25eko hobaria aplikatuko zaio.
1.2 Aforoagatik eta halabeharrez klasea emateko modua mistoa bada (presentziala / online), matrikularen % 100 kobratuko da.
1.3 Klasea presentzialki edo online ematerik ez bada, denboraldia eten egingo da eta epealdi horri dagokion tasa ez da kobratuko.
1.4 Aforo mugagatik klase-orduak murriztu behar badira (presentzialki / online / bietan), murrizketaren proportzionaltasunaren arabera murriztuko da tasaren kuota.

2020-2021ko ikastaroak
Eskuorria