Berriak
Atzealdea

2020ko San Joan jaiak eta preludioa bertan behera gelditu dira

Sanjoanak ohi bezala antolatu eta gozatzeko asmoarekin zenbait bilera egin diren arren, COVID 19-ak sortutako egoerak gaur gaurkoz ez du bermatzen jaiak kalean beharrezko segurtasunarekin ospatu ahal izatea. Hori kontuan hartuta, 2020ko Sanjoanak bertan behera uztea erabaki zuen Sanjoanetako Jai Batzordeak atzo egindako bilkuran. Edonola ere, herriari alaitasuna eta bizia eman asmoz, zenbait kultur jarduera egingo dira.

2020·05·26


Egiten diren jarduerak kontrolatuta eta segurtasun eta osasun berme guztiak izanda egingo dira, herritarren osasuna lehenetsita. Horrela, pilaketak saihestuko dira, ekitaldietan beharrezko distantzia gordeko da eta garbiketa indartuko da.

Hala ere, bi hilabetez herritarron mugikortasuna murriztuta izan dela kontuan hartuta, beharrezkotzat jo da kultur jarduerak eskaintzea, batetik, herritarrei poza eta bizitasuna eskaintzeko asmoz eta bestetik, kultur sektorea sustatu eta laguntzeko.

Horrela, Sanjoanetan hernaniarrontzat izaten diren une kuttun eta hunkigarriei keinu bat egingo zaie. Haurrentzako zein helduentzako kultur emanaldiak ere aurreikusten dira.

Datorren astean berriz ere elkartuko da batzordea eta kultur jarduera horiek erabaki eta xehatuko dira.

Preludiorik ere ez da izango
Jaiak bezalaxe, preludioa bertan behera uztea erabaki dute preludioan parte hartzen duten eragileek. Oraingo baldintzekin ez da posible oholtzan taldeetako kide guztiak egotea distantziak bermatuta, ez eta publikoa ere. Bestalde, norberak bere aldetik piezak landu arren, ez dute elkarrekin entseatzeko aukerarik izan.

Dena dela, preludioko kideek ere keinu bat egin nahi diote preludioari, eta egun horretarako zer egin aztertzen ari dira.