Berriak
Atzealdea

Inbertsioak egiteko eta herriko kirol taldeei dirulaguntzak igotzeko erabiliko da, gehien bat, 3,2 milioiko gerakina

Maiatzeko osoko bilkuran jorratu ziren gaien artean egon zen aurtengo udal aurrekontuari diru gehiago txertatzeko proposamena. Iazko aurrekontuaren likidazioa eginda, eta egoera ezegonkor honetan egin diren aurreikuspen desberdinak behin finkatuta, udalak 3,2 milioi euro txertatu dio 2021eko aurrekontuari. Inbertsioetara bideratuko da diru gehiena (2,5 milioi), eta beste partida batzuk ere indartuko dira, adibidez, pandemia garaian ohi baino gastu gehiago izan dituzten kirol talde batzuen dirulaguntzak ere gehituko zaizkie.

2021·05·31


"Joan zen martxoan itxi genuen 2020ko aurrekontua eta orduan jakin genuen zehatz-mehatz Udalak daukan gerakin akumulatuaren zenbatekoa", azaldu du Isabel Sanchez Ogasun zinegotziak. "Iazko abenduan, 2021eko aurrekontua onartu genuenean, oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzeko eta indartzeko apustua egin genuen; ez genuen murrizketarik egin", erantsi du. Aurrekontuan egin beharreko murrizketak inbertsioen atalean egin ziren, aurrikuspenek ziotenari kasu eginez. "Oraingo egoeran, ostera, gerakina badugula ikusi dugu eta inbertsioen atalera bideratzea iruditu zaigu egokiena", azaldu du. Hori dela eta, 2021eko aurrekontuari 3,2 milioi euro gehitzea proposatu du udal gobernuak.

2.542.000 euro, inbertsioetara

    • Biteri kultur-etxea, ipar blokean, energia aurrezteko eskuhartzeak (lehioak aldatu eta hormak isolatu): 600.000 euro.
    • Portu-Karabel lotzen dituen pasabidea egiteko 264.000 euro.
    • Floridako bidearen proiektua eta desjabetzeak egiteko 250.000 euro
    • Kaleak eta landa bideak asfaltatzeko (Lizeaga, Txirrita, Atzieta, Orkolaga, Erroilaburu-Añua besteak beste)….330.000 euro
    • Hobekuntzak ur-horniduran eta saneamientoan: 297.500 euro
    • Ikastetxeetan inbertsioak: 160.000 euro
    • Irisgarritasuna hobetzeko obrak: 75.000 euro
    • Kale argiterian hobekuntzak: 103.000 euro
    • Proiektu teknikoak: 140.000 euro
    • Beste inbertsioak (auzoetako markesinak, hainbat kaleren zoruak aldatzea, Karabeleko igogailaren pasarela aldatzea besteak beste): 193.000 euro
    • Mendi lurren erosketa: 50.000 euro
    • Nekazaritzarako lurren erosketa: 80.000 euro
    • Energia arloan, Energia Jasangarriaren Komunitatea sustatzeko hasierako ekarpen gisa 300.000 euro

Inbertsioez gain, diru-laguntzak handitzea ere proposatu du udal gobernuak: 139.500 euro
    • Hernaniko kirol klubak, pandemiaren ondorioz, diru-sarrera gutxiago izaten ari dira eta horregatik proposatzen dugu urteko diru-laguntzen kopurua 31.500 euro handitzea
    • Hutsik dauden lokalak berriro merkataritza jarduerak egon daitezen dirulaguntzak: 50.000 euro
    • Kultura arloan, ekintza gehiago egiteko hitzarmenak sinatuko dira Chillida-Leku museoarekin eta Geuretik Sortuak proiektuarekin: 58.000 euro